Udalerrian bizi diren adin desberdinetako pertsonen arteko gizarte-harremanak sustatu nahian, Getxoko Udalak martxan jarri du kanpaina berri bat, 'Getxo belaunaldi arteko moduan' izenekoa. Ekimen honen bidez, belaunaldi ezberdinetako pertsonak elkartu nahi ditu Udalak.

Bizikidetzaren garrantzia eta belaunaldien arteko programak sustatzearen garrantzia ere nabarmenduko du kanpainak, aberastasunaren tresna gisa, eta Getxon belaunaldi guztien zeregin aktiboari buruz hausnartzera ere gonbidatuz. “Belaunaldi guztiek Getxon duten zeregin aktiboa nabarmendu nahi dugu; adin desberdinetako pertsonak garelako gure udalerriko espazio, leku eta ekimen guztiak sortu eta horiei bizia ematen diegunak. Azken finean, kanpaina honen bidez estereotipoak zalantzan jarri, adinaren araberako sailkapenak baztertu eta Getxoko herritarrak esperientziak partekatzera gonbidatu nahi ditugu, adina gorabehera gure gizarte-ingurunean aberasgarriak izan daitezkeelako”, nabarmendu du Amaia Agirre alkateak. 

Jarduerak

Kanpainaren lehen ekintza herritarrak sentsibilizatzera bideratuta egongo da, Getxon, belaunaldi guztiak gara protagonista lelopean. “Eslogan hori Metro euskarrien, autobus markesinen, kartelen eta udal komunikabideen bidez zabalduko da”, Arantza Rica Zahartze Aktiboko zinegotziak azaldu duenez. Euskarriak hurrengoak izango dira: 

  • Publizitate-mupiak Getxoko metro geltoki guztietan.
  • Markesinak Getxoko hainbat lekutan.
  • Argitalpen berezia aterako da GetxoBerrin. Horrek jarraipena izango du hurrengo hilabeteetan, txandaka, belaunaldien arteko harremanei buruzko kontakizunekin.
  • Kartelak Udal eraikinetan.
  • Webgune berezia Udalaren webgunean.
  • Herritarren galderak, iradokizunak, ekarpenak eta eskaerak jasotzeko emaila: guztiok@getxo.eus.