Gero eta populazioaren zati nabarmenagoa bizi da bakarrik Bermeon, egoera honek sortarazi ditzazkeen arazoekin. Eta, bestalde, handiak izan dira historikoki alde zaharren sortu diren suteek eragindako kalteak. 2013an izan zen ezbeharreko irudiak ikusterik baino ez dago ortu litezkeen kalteetaz ohartarazteko. Bada, Bermeoko Udalak proiektu berri bati ekingo dio aurki, bi helburu izango dituena: batetik, erdigune historikoan eta baserri guneetan bizi diren 80 urtetik gorako adinekoen etxeetan suteak prebenitzea eta hauen beharrizan psikosozialak antzematea.

Egitasmoaren helburuak argiak dira: lehendabizikoa, etxeak seguruagoak egitea, “etxebizitzetako sute arriskuko fokuak identifikatuz”. Bestetik, sute baten aurrean erreakzionatzeko denborak murriztu nahi dira, 80 urtez gorakoen etxeetan suteak detektatzeko gailuak jarriz. Etxebizitzaren ebakuazioa erraztea ere beste helburuetako bat da, “beharrezkoa izanez gero etxebizitzaren krokisei esker”. Egitasmoa ez da ke detektagaileak jartzera mugatuko, “haratago joango da”, nabarmendu du Bermeoko Udaleko alkateorde Idoia Platasek. “Adinez nagusi direnen etxeetara sartuko gara, bai, baina euren pertsona hauen egoeraren analisia ere egin nahi dugu. Hau da, gure Zerbitzu Sozialek detektatu ezin izan duten zaurgarritasun egoerei erantzuna eman nahi diegu”. Izan ere, ekimenaren gakoetako bat berau da. “Bakarrik bizi diren nagusien narriadura pertsonal, kognitibo eta haien autonomiaren egoerak” baloratuko dira. Eta beharrezko bada, “orduan zerbitzu sozialen esku geratuko dira”. Azkenik, adin tarte horri buruzko informazio demografikoa eta soziala eguneratzeko” baliagarria izango da datozen hilabetetan egingo dute ikerketa.

Bermeoko Udalaren datuen arabera, gaur egun alde zaharrean bizi diren 80 urtetik gorako adineko pertsonak 213 dira, eta baserrietan berriz, beste 113 pertsona bizi dira. “Eta arriskuak saihestea dugu jomuga. Jakin badakigu kasuistika oso zabala dela, eta bakoitzak beharrizan espezifiko batzuk dituela”. Baina kolektibo guztiari, “bere osotasunean” nahi diote erantzun aproposa eman. “Orotara 326 bizikidetza-unitate daudela ikusi dugu, eta ahal dugun guztiengana heldu nahi gara, halaxe eskatzen baduten gure zerbitzu sozialen laguntza izateko”.

Segurtasuna

Ke-detektagailuei dagokienez, iazkoan Tecnifuegorekin egindako suteak prebenitzeko jardunaldietan Bermeoko Udalak jaso zituen sistemak bizilagunei lagako dizkiete. Eta lehiaketa publikoan garaile suertatzen den enpresa –33.000 euro gorde dituzte zeregin honetarako– izango da hauek jartzearen arduradun, baita mantentzearen eran-tzule ere. Eta horrez gain, etxebizitzaren ingurune fisikoan azterketa” ere egin beharko dute. “Nahi duguna zera da: ahal dugun neurrian, adineko jendearen segurtasuna bermatzea, eta bere osotasunean”, zehaztu zuen Platas zinegotziak.

Ekimena

Suteak prebenitzea. Historikoki Bermeoko alde zaharrak sute ikaragarriak pairatu izan ditu. Azkena, 2013. urtean izan zen. Eta hauek prebenitzea da ekimenaren helburu nagusienetakoa: horretarako ke-detektagailuak jarriko dira alde zaharrean eta baserri guneetan bizi diren 80 urtez gaindiko bizilagunen artean.

Adin-tartearen analisia. Ke-detektagailuak jarriko direla aprobetxatuta, ekimena haratago joando da. Izan ere, adin-tartearen analisia egingo da, zaurgarritasun egoeraen bat balego behar bezalako atentzioa emateko. Berau zerbitzu sozialen esku geratuko litzateke.