Zabalik dago jada Getxoko Udalak martxan jarri berri duen 'Getxon gozatzeko Planak 2023' egitasmoan parte hartzeko izena emateko epea. Inskripzioa gaur ireki da, eta azaroaren 15era arte egongo da zabalik. Bertan, izena ematen duten enpresek beraien esperientzien eta jarduera turistikoen eskaintza txertatzeko aukera izango dute.
Aurten, atxikimendu-kanpaina aurreratu dugu, eskaintza aurkezteko Nazioarteko Turismo Azoka-Fiturren (Madrilen 2023ko urtarrilaren 18tik 22ra egingo dena), turismoaren profesionalentzako topagune globalean eta Iberoamerikako merkatu hartzaile eta igorleentzako azoka liderrean.
Kontsumitzaileei eta merkaturatze-agentziei Getxon egin daitezkeen turismo-esperientzien eskaintza osoa hurbiltzea da helburua. Alde batetik, baliabide ezagunenez gain, beste plan batzuk proposatzea, “xarmadunak”, Getxo dagoeneko ezagutzen duten bisitari eta txangozaleak anima daitezen udalerrira berriro etortzera; eta bestetik, udalerrira etorritako turista eta bisitarien egonaldia luzatzea, horren guztiaren helburua izanik bertako enpresetan eta Getxo osoan eragin ekonomiko handiagoa lortzea.
Ekimen hau zabaltzeko, “Getxon gozatzeko Planak 2022” liburuxka argitaratzeaz gain, ekimena sustatzeko eta hedatzeko kanpaina egingo da, besteak beste honakoak bilduko dituena: @GetxoTurismo sare sozialak, web orrialdea, publizitate-euskarriak, eta beste elementu batzuk jende asko biltzen den eremuetan.
2022an, ekimen honen bidez, Getxo Turismok guztira 94 plan edo esperientzia sustatu zituen, tokiko 269 enpresak diseinatuak eta antolatuak; Getxoz gozatzeko 12.000 hitzordu edo aukera ezberdin dituen programa da.
Ekimenean parte har dezake, dohainik, bertakoa den edota Getxon jarduera nagusia duen edozein enpresak eta bisitariei eta turistei zerbitzuak edota esperientziak eskaini ahal dizkienak, haiek helmugan eduki ohi dituzten beharrei erantzuteko.