Datorren astetik aurrera eta abendura arte, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxeak Jose Miguel Olazabalaga sukaldariaren masterclass-ak jasoko ditu berriro. Guztira lau klase eskainiko dira denbora horretan, asteazkenetan (urriaren 26an, azaroaren 9an eta 23 eta abenduaren 14an), arratsaldeko 18.00etatik 19.30era bitartean. Saioak doakoak izango dira.
Galdakaoko Udalak antolatutako saioak dira honakoak, doakoak dira, eta horren berri emateko Galdakaoko Udalak webgunean atal berezi bat dauka. Sukaldariak egingo dituen errezetak eskuragarri egongo dira bertan eta baita nutrizio gomendioak ere. Sukaldaritza saioak iragartzeko karteletan dagoen QR kodea eskaneatuta ere zuzenean sar daiteke webguneko atal horretara.
Itzal handiko sukaldaria da galdakoztarra, aitortza ugari jaso dituena, eta, aldi berean, Galdakaorekiko lotura mantenduta, herrian antolatutako ekimenetan parte hartu izan duena. Udaberrian egin bezala, bere jakintza bertatik bertara erakutsiko die herrikideei 4 saiotan, Galdakaoko Udalak herritarrentzako antolatutako ekitaldian.
Aurrekoan bezala, ekintzak doakoak izango dira, aurrez izen emanda, eta Galdakaoko Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu bertan parte har dezaten. Gonbidapenak eskuratzeko aukera egongo da Torrezabal Kultur Etxeko txarteldegian, udalaren webgunean, atari honetan, eta leihatilan ekintza hasi baino ordubete lehenago, lekuak amaitu arte.
Egitasmo erakargarri honekin, Galdakaoko Udalak bere Gobernu Planean agindutako 89. neurria beteko du: “Sukaldaritza tailerra eta elikadura heziketa”.