Asteazken honetan, urriak 19, arratsaldeko 19.00etan, Elías Cochon Rei artistaren ‘Bi itsaso - Dos mares - Dous mares’. izeneko erakusketaren inaugurazioa jasoko du Zelaieta Zentroak. Eskulturak eta pinturak batzen dituen erakusketa hau azaroaren 17ra arte egongo da ikusgai Amorebietan.

Elias Cochon Reiren erakusketa heterogeneoa eta plurala da, eta leku edo lurralde konplexuak osatzeko eraldatzen diren formak eta bolumenak erakusten ditu, bai planoan bai espazioan, fantasiazko, ilusiozko eta ametsezko unibertso batera eramaten gaituztenak. Materia eta forma konbinatu egiten dira eskultura eta pinturen katalogo bat sortzeko, familiako enbor beraren zati bat, ikonografia nahastezinak, intimoak eta originalak sortzen dituena.

Artistak honela definitzen ditu bere eskulturak eta pinturak: “nire kasuan, zaila da Atlantikoa eta Kantauri itsasoa bereizten dituen muga bereiztea. Nire bizitzan zehar, batetik bestera ibili naiz eta nabil. Ez dago mugarik edo parametrorik nire arrazoiketaren barruan: batek sakontasunera eta handitasunera eramaten nau, eta besteak lurrarekiko hurbiltasunera. Biek eztitzen didate arima”.

Erakusketak mundu zabalean

1996an Pontevedrako Ría de Arousan jaio zen artista honek, bere lan eta erakusketekin mundu osoko aretoak bisitatu ditu, Vilagarcía de Arousa jaioterritik hasi eta Portugal, Italia, Estatu Batuak edo Japonia bezalako herrialdeetaraino. 20 urte baino gehiagoko ibilbide profesionalean, bere lanak ikusi ahal izan dituzten pertsonek Cochón Reiren arimak izandako bilakaera nola ikusarazten den azpimarratu dute, etapa askotatik igaro dena; bilakaera horiek guztiak material desberdinen miaketaren eta ikerketaren bidez adierazten ditu artista galiziarrak.