Sestaoko Udalak, Lanbiderekin elkarlanean, 628.000 euroko aurrekontua bideratuko du 30 langabetu sei hilabetez kontratatzea ahalbidetuko duen enplegu-plan berria martxan jartzeko. Diru horretatik, Lanbidek 375.000 euro jarriko ditu, eta Sestaoko Udalak, aldiz, 253.000 euroko ekarpena egingo du.

Oraingo honetan honako lanpostu hauek eskaintzen dira: 2 obra-arduradun, igeltserotzako 6 peoi, pinturako 4 peoi, igeltserotzako 6 ofizial, pinturako 4 ofizial, garbiketarako 2 pertsona, 2 administrari, kirol-koordinatzaile 1, 2 kirol-teknikari eta artxiboko koordinatzaile 1.

Enplegu-plan honetan parte hartu nahi duten pertsonek honako baldintza hauek bete behar dituzte: langabezian egotea, Lanbiden inskribatuta eta enplegu-eskatzaile gisa alta emanda egotea, Sestaon erroldatuta egotea 2022ko ekainaren 1a baino lehen, eta, azkenik, Sestaoko Udalak kontratatuak ez izana 2021eko enplegu-planetan.

Izena emateko epea urriaren 14tik 20ra egongo da zabalik Lanbideren webgunean.

Azken 14 urteetako langabezia-tasarik txikiena

Lanbidek argitaratutako azken datuaren arabera, langabezian izena emanda zeuden 2.072 pertsona aintzat hartuta, Sestaoko langabezia-tasa % 16,1ekoa zen irailaren amaieran; hau da, azken 14 urteetako daturik txikiena.

Ainhoa Basabe alkateak eta Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Jesús Amenedok diotenez, enplegua bultzatzeko, gure lurzoru produktiboak garatzen jarraitzeko formularen alde egin dute, Ibarzaharran, Sestao Bain eta, orain, La Navalen enpresa berrien instalazioa bultzatuz. Halaber, ahalegin horren osagarri, beste ekintza batzuk ere egin dituzte, hala nola, urtero beste administrazio publiko batzuekin elkarlanean antolatutako enplegu-planak.