Konsejubaso kalea eta Udiarraga kalearen zati bat semipeatonalizatuko ditu Ugao-Miraballesko Udalak. Horretarako, 306.250 euroko aurrekontua bideratuko du. Lanak lizitaziora atera berri ditu Udalak.
Herriaren Enparantzan eta inguruko kaleetan egindako gainerako jarduketen irizpide berdinak jarraituz, proiektu honek bi kaleetako sarbideak hobetu eta oztopo arkitektonikoak kendu nahi ditu. Obrak zenbait xehetasun urbanizagarri errematatzea ere aurreikusten du eta kareharrizko baldosak ipiniko dira, hormigoi inprimatuzko galtzada-harriekin batera. Era berean, azpimarratu behar da ez dela aparkaleku-plazarik kenduko. Lanak egiteko epea lau hilabetekoa izango da.
“Oinezkoek gero eta lehentasun handiagoa izatea nahi dugu, udalerriko erdigunea Ugaoko herritarrentzat gero eta espazio atseginagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa izatea nahi dugu. Era berean, proiektu honek erdiguneko merkataritza eta ostalaritza jarduera ere bultzatzen lagunduko du”, adierazi du Ekaitz Mentxak alkateak. Mentxakak gogorarazi du obra hau abian jarrita Udalak bete egiten duela 2006ko urrian Udalbatzak onartutako Ugaoko Irisgarritasun Plana. Irisgarritasun Plan honetan, udalerriko alde zaharreko bide publikoei dagokienez, Larretamendi, Ugaoko Dorrea eta Udiarraga kaleetan irisgarritasun irizpideekin esku-hartzea aurreikusten da.
Aipatu behar da tokiko gobernuak aurrekontuan sartu eta gordetako zenbateko osotik 230.000 euro “Herriak Egiten” izeneko Bizkaiko Foru Aldundiaren Aparteko Funtsetik datozela, pertsona edo kolektibo kalteberen egoera hobetzera bideratutako inbertsioak egiten dituzten proiektu eraldatzaileak gauzatzeko bideratutako funtsa.