Eingule? izenburupean, proposamen berri bati ekingo dio Bermeok datozen asteetan. Izan ere. euskerak udalerrian gero eta presentzia urriagoa duela konprobatuta, batez ere gaztetxoenen artean, kanpaina berezia abiarazi dute, “bermeotarraren aberastasunaz eta balioaz jabearaztea” helburu duena. “Norberaren euskararekiko harrotasuna sentitzea” jarri dute jomugan, eta ez bakarrik hizkeraren alorrean, baita herriaren identitatea eta kultura zabaltzea eta transmisioa indartzerako orduan.

Horretarako, datorren astelehenetik eta abenduaren 3ra arte, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen den egunera arte, astero lehiaketa baten parte hartu ahal izango dute herritarrek. Lehiaketa eingule.bermeo-euskaraz.eus webgunearen, sare sozialen eta WhatsApp bidez zabalduko da, eta astero sari bat emango dela aurreratu dute. Bestetik, protagonista berezi bat izango duen web seriea egin dute. Juan Lebatz izango da berau, eta Bermeoko kontuak izango ditu gai nagusi, baita kalerik kale egingo diren elkarrizketak ere. Eta azkenik, kanpainari amaiera emateko, lehiaketa herrikoia antolatuko da, Kafe Antzokian. “Gure hizkera eta nortasuna balioan jarri nahi ditugu. Hizkerak berak gure nortasuna definitzen du eta gurea indartzera gatoz. Ez da momentuko ekimena izango, hilabeteetan zehar garatzen joango gara. Seguru gaude herrian harrotasunez hartuko den kanpaina izango dela. Ahalik eta jende gehien parte hartzea da gure helburua”, nabarmendu du Bermeoko Udaleko Euskara zinegotzi Kepa Zumetak.

Kanpainaren definizioan hainbat elkarte eta norbanakok parte hartu dute. “Eta denon artean 700 galdera prestatzeko gai izan gara”, adierzi zute Euskara saileko arduradunek. Egitasmoaren atal garrantzi-tsuenetako bat Bermeoko ikastetxeen parte hartzea izango da. “Kanpaina geletara eraman nahi izan da eta horretarako, herriko lau ikastetxeei (San Frantzisko Herri Ikastetxea, Ignacio Arozena-Benito Barrueta BHI, Eleizalde Ikastola eta Sagrado Corazón Ikastetxea) lanketa berezi bat proposatu zaie”. Geletan zortzi astetan landuko dute. Horretarako, zortzi bloke zehaztu dira, eduki zehatzarekin: berbak eta esaerak; euskara; kultura eta sor-tzaileak; toponimia, geografia eta natura; eraikinak eta eskulturak; kirola; arrantza eta itsasoa; eta ohiturak eta sinesmenak. Kanpaina gazteei zabaltzeko, “irakasleek irakasleen txoko bat edukiko dute eingule.bermeo-euskaraz.eus webgunean, bakoitzak modu autonomoan egingo duen lanketa gidatzeko eta errazteko. Ikastetxeentzat ere lehiaketa berezi bat antolatuko da Euskararen Egunean. Egunean bertan sortuko diren taldeen arteko aurrez aurreko lehiaketa izango da eta lortutako puntuaketaren arabera, hiru sari egongo dira”.

Sare sozialetan izango dira ikusgai kanpainaren nondik norakoak, baita eingule.bermeo-euskaraz.eus webgunean. Bada, zabalik dira komunkaziorako bideak Instagram eta Twitterren @eingule_ profilak eta Facebooken @euskerasaila.bermeon kontua.