Sestaoko Udalak 1,6 milioi euroko aurrekontua bideratu egingo du Txabarri kalean, Sorospen Etxearen atzealdean dagoen orube batean 40 aparkaleku egokitzeko. Proiektua duela urtebete jarri zuen martxan Udalak, baina lanak aste honetan hasi egin dira.

Egitasmo hori bost fasetan banatzen da, eta horietako bat aparkaleku hori eraikitzea da, gutxi gorabehera hilabeteko epean zerbitzuan jartzeko. Kokapenagatik, Txabarri kaleko lehen atariei eta La Bariega, Rebonza, Los Baños, Kueto eta Bide Nagusiko beheko aldeei emango die zerbitzua.

Joan den astetik, langileek inguru horretan dihardute. Lehenik eta behin, saneamendu-sarea egingo dute, eta, ondoren, egoera txarrean dauden zoru-eremuak saneatuko dituzte. Amaitzeko, aparkalekua asfaltatu eta seinaleztatu egingo dute.. Txabarri kaletik aparkalekura sartzeko bidea berriz asfaltatzea ere aurreikusita dago, egoera txarrean baitago denboraren eraginez.

Sestaoko Udalak 2021eko urrian hasi zituen, guztira, 1,6 milioi euroko inbertsioa eragingo duten Txabarri kaleko mendi-hegalak garbitu eta urbanizatzeko lanak.

Harrezkero, hainbat jarduera egin dira Iberia kalearen eta Sorospen Etxearen artean. Adibidez, Hiru Kontzejuen Plazaren atzealdeko saneamendu-sarea konpondu eta Bizkaiko Labe Garaien lantegi zaharrera sartzeko tunelaren ahoaren aurrean dagoen zabalgunea txukundu egin da.

ArcelorMittaleko sarreran biribilgune bat eraiki da; eta oinezkoentzako espaloiak egin dira Sestao Bai Enpresa Parketik sartzeko bidea hobetzeko. Labe Garaiaren ondoan parke publiko bat eraikitzen ari dira, eta mendi-magaletan sastrakak garbitu eta egoera txarrean zeuden zuhaitzak kendu egin dituzte.