Ikastetxeei bideratutako bisita gidatuak eskainiko ditu Mercabilbaok
Ikasturte berriaren hasierarekin batera, Mercabilbaok bere funtzionamendua erakusteko bisita gidatuak eskainiko dizkie ikastetxeei. Ekimen honetan parte hartu nahi duten ikasketa-zentroek izena eman ahal dute oraindik.
Jarduera honi esker, ikasleek bertatik bertara ezagutu dezakete itsasoan harrapatzen edo zelaian biltzen direnetik etxera eta mahaietara iristen diren arte elikagaiek osatzen duten zikloa. Tailer sentsorial horietan parte hartzen duten umeak etorkizuneko kontsumitzaileak dira; horregatik da garrantzitsua elikagai establezimenduetan edo euren etxeetan ikusten dituzten arrainak, frutak eta barazkiak ezagutzen ikastea.
Tailer Sentsorial hauen bidez, Mercabilbaok helburu hauek ditu: umeen gustua heztea produktu fresko eta kalitatezkoekiko; biodibertsitatearen eta ingurumenarekiko errespetuaren aldeko kontzientziazio eta hezkuntza handiagoa sustatzea; landa-populazioaren eta arrantzaleen gizarte-aintzatespena lortzea, eta ondare gastronomikoaren garrantzia transmititzea.
Horretarako, begirale batek ibilaldi gidatua egingo du instalazioetan zehar, elikagai galkorren banaketari buruzko jardueren berri emateko eta fruten eta barazkien jatorria, propietateak eta bitxikeriak ezagutarazteko. Amaitzeko, tailer sentsoriala egingo da. Bertan, parte-hartzaileek sasoiko arrainekin kontaktua izango dute, arrain urdinak eta zuriak bereizten ikasiko dute, eta dieta osasungarriaren onurak ezagutuko dituzte. Bisitaldia amaitzeko, arrainarekin egindako pintxo bat eta fruta anitzeko zuku bat dastatuko dira.
Tailer Sentsorialak 2008tik egiten dira, eta Lehen Hezkuntzako 3.500 ikaslek hartzen dute parte urtero. Bertara joaten diren irakasleek eta ikasleek oso ondo baloratzen dituzte.