Tabirako kanpoko igerilekuek errekor guztiak hautsi dituzte aurtengo udan, 75.426 erabiltzailerekin, 2021ean baino ia 40.000 pertsona gehiago eta 2019an (pandemia aurreko azken udan) baino 20.000 pertsona inguru gehiago.
Datu on hauek uda bereziki berotsu batean heldu dira, hainbat egunetan bero boladak edukiz. Horren harira, Ane Abanzabalegi eta Patxi Lakuntza udal arduradunek nabarmendu nahi izan dute udako hilabeteetan kirol instalazioetan izandako normaltasuna eta gorabehera falta. Aldi berean, udal arduradunek instalazioetarako inbertsio berriak iragarri dituzte.
“Badakigu aldagelarik ez egotea eragozpen bat dela erabiltzaileentzat, eta, horregatik, lanean jarraitzen dugu aldagela berriak eraikitzeko, aurrekoak itxi behar izan baikenituen urte luzez mantentze lanik egin ez zirelako”.
Tabirako igerilekuetan azken urteotan izan den asistentzia seriea honako hau izan da:
- 2022: 75.426
- 2021: 36.232
- 2020: 41.837
- 2019: 55.920
- 2018: 50.088
- 2017: 44.118
- 2016: 48.390
- 2015: 47.972
“Zifra on hauek erakusten dutenez, jendea Durangon geratzen da eguraldi onaz gozatzeko, eta gustura egoten dira instalazio publikoetan. Duela bi urte ur txorrota batzuk ireki genituen Errotaritxuena parke berrian, eta durangarrek ere Tabira parkean ur txorrotak jartzeko eskatu digute aurtengo Aurrekontu Partehartzaileen bidez. Kultur programazioarekin bezala, lan egin behar dugu durangarrek uda Durangon goza dezaten”, gaineratu dute Abanzabalegik eta Lakuntzak.