Aurreko edizioek izandako arrakasta kontuan izanda, Portugaletek Pagotxen Astea ospatuko du aurten berriro. Irailaren 12tik 17ra bitartean izango da, hau da, datorren astelehenetik larunbatera bitartean.
Pagotxen Astearen aurtengo bigarren edizioa izango da. Herriko, merkataritzan oso errotuta dago promozio aste hau, zeinek Portugaleteko kaleak udako denboraldiaren amaierako pagotxez beteko baititu.
Aurtengo edizioan, saltokiak banderatxo batzuen bidez identifikatuko dira. Banderatxook merkataritza-establezimenduetako fatxadetan jarriko dira, kanpaina horri atxikitako saltokiak direla adierazteko. Establezimenduari ikusgarritasuna ematea da helburua, eta bezeroei bermatzea saltoki horrek kanpainan parte hartzen duela. Banderolek merkataritzari laguntzeko “Hazten Tokiko merkataritza” logoa daramate, eta Ekonomi Sustapen eta Enplegu Sailaren beste kanpaina batzuetan ere erabiliko dira.
Txema Ezkerra Ekonomi Sustapen eta Enplegu zinegotziak azaldu duenez, Portugaleteko 33 saltokik eta zerbitzu-sektoreko profesionalek hartuko dute parte ekimen honetan, iazko irailean baino hamar gehiagok; beraz, pandemiaren aurreko parte-hartzaile kopurua berreskuratu da. Saltoki askok aurrekoetan ere parte hartu dute eta beste batzuek, berriz, lehen aldiz egiten dute. Kanpainak helburu bikoitza du: Portugaleteko kale eta auzoetan merkataritza presente jartzea eta denboraldi amaierako stockei eta beste produktu batzuei irteera ematea, herriko bezeroek deskontu handiekin eros ditzaten.
Parte hartzen duten saltokien artean ehungintzan eta moda-osagarrietan aritzen direnak dira nagusi, atxikitakoen ia erdia direlako. Hala ere, zapatadendak, lurrin-dendak, ile-apaindegiak, farmaziak, bitxi-dendak eta argazkidendak ere aurkituko ditugu.
Jabier Aranburuzabala Merkatarien Elkarte Profesionaleko gerenteak adierazi duenez, Portugaleteko merkataritzak eta zerbitzuen sektoreak hurbiltasun- eta kalitate-zerbitzua eskaintzen diete jarrillero guztiei urte osoan. Sektoreko profesionalek beti hartu dute ondo Pagotxen Astea; izan ere, irtenbidea ematen dio denboraldi amaierako generoari, denboraldien arteko igarobidearena egiten du eta Portugaleteko merkataritzari ikusgarritasuna ematen dio.
Ezkerrak, Ekonomi Sustapen eta Enplegu zinegotzi eta EAJ alderdiak Portugaleteko Udalean duen bozeramaileak, Pagotxen Astearen aurkezpenean gogorarazi duenez, ”herriko merkataritza sustatzeko eta laguntzeko aukera berri bat da, behar ditugun produktuak baldintza onenetan hurbiltzen baitizkigu, berme guztiekin hurbildu ere. Portugaleteko saltoki txikian erostea Portugaleten inbertitzea da”. Era berean, gogorarazi du sektorea babesteko eta bultzatzeko beste ekintza bat dela hau eta datozen hilabeteetan prestakuntza- eta sustapen-kanpaina eta -proposamen berriak abiaraziko direla.