Síguenos en redes sociales:

Elkanoren mundu biraren 5. mendeurreneko azoka jasoko du Bermeok

Irailaren 2tik 4ra bitartean, Bermeok Elkanoren mundu biraren bosgarren mendeurreneko azoka jasoko du. Azoka Lameran kokatuko da.

Espedizio horretan 7 bermeotarrek protagonismo handia izan zuten eta Juan de Acurio kontramaisu bermeotarrak funtsezko lekua bete zuen. Balentria hori ospatzeko, Bermeoko Udalak ‘Elkanoren mundu biraren 5. mendeurreneko azoka’ antolatu du, erakusketa, tailer eta dibulgazio-hitzaldien bidez pertsona horiek duela 500 urte lortu zutena ezagutzera emateko

“Oso pozik gaude denetarik izango duen ekimen hau aurkezteaz. Baina garrantzitsuena, 7 bermeotar nabarmendu ziren talde horren balentria apur bat gehiago ezagutzen lagunduko duela da. Gure historiari buruz gehiago jakitea funtsezkoa da, eta azoka honek horretan lagunduko duela uste dut”, azaldu du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.

Juan de Acurio kultur guneak (horrela deituko da ekimenak egingo diren lekua) irailaren 2an irekiko ditu ateak, 12:00etan. Inaugurazioarekin batera, 4 erakusketak hasiko dira. Lehenengo erakusketaren ardatza munduaren lehen birari buruzko ikus-entzunezko proiekzioak erakustea izango da. Bigarren gunean, Espezieen uharteetara iristea erabakita, munduari egindako lehen bira ekarri zuen bidaia epikoa gauzatu zuten pertsona horien balentria jendeari hurbiltzea helburu duen ‘Lehenak izan ginen. Magallanes, Elkano eta Munduari bira’ erakusketaz gozatu ahal izango dugu.

Hirugarren erakusketa oso berezia izango da. Bisitariek bertatik bertara ezagutu ahal izango dute Atyla itsasontzia, XVIII. mendeko itsasontzietan inspiratutako diseinuarekin 80ko hamarkadan eraikitako itsasontzia. Nazioarteko abentura-bidaiak egiten dituen itsasontzia da. Bisitei buruzko informazio gehiago: https://atyla.org/es/bermeo. Azkenik, laugarren eta azken erakusketak, "Itsasoa eta bere irudiak" izenekoak, bisitariak hotz utziko ez dituzten irudi ikusgarriak eskainiko dizkigu.

Lamera eta Artza frontoiaren artean banatuko diren 4 gune horiez gain, irailaren 2tik 4ra bitartean egingo diren 5 kontzerturekin zuzeneko musikaz gozatu ahal izango dugu. Txikienek ere eurei zuzendutako jarduerak izango dituzte. Aipagarria da, zalantza barik, ostiraletik igandera ordutegi desberdinetan arituko den ipuin-kontalaria.