Izen handiko bost emanaldi dakartza aurtengoan Lekeitioko Itxas Soinua musika jaialdiak, bi urtetan pandemiak eragindako geldialdiaren ostean. Gaurtik hasita eta abuztuaren 15era arte, Andra Mariaren Zeruratze parrokiak toki aproposa izango da musikazaleen gozamenerako, gaueko 22:00etan hasiko diren kontzertu berezietan. Besteak beste, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) edota Euskal Herrian dauden musika elkarte nagusienek emango dituzte kontzertuak. Ekimenak XLII. edizioa beteko du aurten eta musikazaleen gustuak asetzeko programa osatu dute, mota ezberdinetako taldeak batuz eta aro ezberdinetako piezak eskainiz, edozein dela entzuleen nahia.Emanaldiak, gainera, doakoak izango direla aurreratu dute.

Bada, gaur gaueko lehen hitzorduan Musbika Ensemble taldeak eskainiko du. “Musika klasikoa eta antzinako musika pertsona ororengana iristeko dauden oztopo eta klixeak gainditzeko asmoz, musbikak, berritasunez hornituriko proiektua aurkezten du, eszenaratze fresko eta dinamiko baten bitartez. Pertsona orok izan dezan musika honekin gozatu eta harritzeko aukera”. Hala diote euren webgunean eta hala egingo dute gaurkoan Lekeition. Bigarren hitzordua Kea Ahots Taldeak egingo du. Euskal musikagintzako izen handiei errepaso egingo diete. “Bigarren zatian berriz Sorozabalen jaiotzaren 125. urteurrenarekin jarraitzen badugu ere, lehenengoan gure egile gustukoenetako batzuen lanak abestuko ditugu”, diotenez.

Ostean, abuztuaren 13an, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) ordua helduko da. Emanaldi berezia ezbairik gabe, gurean ohiko diren konposizioak eskainiko dituzte, Isabel Rubiren zuzendaritzapean eta Josu Ferrerasen flauta protagonistak izango direlarik. 1922an sortutako elkarteak hainbat kontzertu eskaini izan ditu Lekeition bere historia luzean zehar, baina aurtengoa ere arrakastatsua izango dela iritzi diote antolatzaileek. Bach edota Beethovenen piezak izango dira Erik Nielsen zuzendariak gidatzen dumen elkartearen emanaldian zehar. Bestetik, Topaketak izenburupean, ibilaldi nabarmena bete duen ESB Quintenten txanda izango da hurrengoa. Kontzertu berezia oso, Alberto Urretxo eta Garikoitz Mendizabalek gidatuko duten taldeak bibolinak edota tronbioak izango ditu protagonista nagusi. Azkenengo emanaldia, abuztuaren 15ean izango dena, emakume konpositoreen ahots ikusezina ezagutarazteko baliagarria izango da. Emakumeek paper garrantzitsua izango dute emanaldian zehar.