Abadiñoko Udalak Traña-Matienako urbanizatzeko proiektu bati ekin dio. Izan ere datozen hilabeteetan Txinurrisolo kalea urbanizatzeko proiektua jarriko du martxan lehentasuna oinezkoei emateko.

Lanak 296.730 euroko aurrekontua du, eta uztaileko azken osoko bilkuran onartu zen. Proiektuak, kalea desnibelik gabeko plataforma bakarra sortuz berrantolatzea aurreikusten du; horrela, irisgarritasun unibertsaleko irizpideak betetzeaz gain, bidea batez ere oinezkoek erabiltzeko egokituko da, 1. eta 7. zenbakien arteko tartean, puntu horretako hiri-kalitatea hobetzeko.

Txinurrisolo kalea 175 metro inguru luze da, baina proiektu honen helburua 111 metrotan jardutea da. Hirietan esku hartzeko proposamenaren funtsezko irizpidea oinezkoentzako erabilera da, irisgarritasun unibertsalaren irizpideetan oinarrituta. Irizpide horrek gutxieneko dimentsioak eta baldintza sentsorialak ezartzen ditu hiriingurunearen erabilera autonomoa bermatzeko, betiere larrialdietako ibilgailuentzako sarbide posiblea errespetatuz.

Horrela, plataforma bakarra sortzea aurreikusten da. Proiektuan tarte osoa berriro zolatuko da, Trañabarren eta Trañaoste kaleekin behar bezala lotuta geratzen dela bermatzeko. CO2 xurgatzeko propietateak dituzten baldosak erabiltzea aurreikusi da. Gainera, eragina jasango duten zerbitzu guztiak berrantolatuko dira, eta lanek ukitutako margoketa, seinaleztapen bertikala eta hiri-altzariak berritu egingo dira. Proiektua fase bakar batean gauzatuko da, eta obren iraupena 3 hilabetekoa izango dela aurreikusten da.

“Eremu horretako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko jarduketa garrantzitsua eta lehentasunezko obra da; horregatik, lanak ahalik eta lasterren esleitu ahal izateko aurrekontu-partida gaitu da” azaldu du Javi Crespo alkateordeak.