Igande honetan ospatuko da Lekeition urte osoan zehar Bizkaia zeharkatuko duten 18 Tour Egunetako lehena. Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazi duenez, Frantziako Tourreko Grand Départ Pays Basque "munduko kirol proba garrantzitsuenetako eta jarraituenetako bat" izango da.

Hori da Tour Egunaren xedea, Aldundiaren eta Frantziako Tourraren ekimen bat, gaur Lekeitioko esparrura hurbiltzen ari diren pertsona guztiei bizikletarekin loturiko jarduera eta tailer desberdinak eskaintzen dizkiena. Era berean, esparruaren irekierak Lekeitialde Silloniz Txirrindulari Elkartea txirrindularitza-taldeari omenaldia egiteko ere balio izan du, txirrindularitzaren sustatzeko egin duen lana aitortzeko, bai eta inguru horretako bi txirrindulari garrantzitsu omentzeko ere: Ander Okamika, gaur egun Burgos BH taldean dagoena, eta Patxi Gabika, hil ostean omendua. Gabika, "Ispasterko ilehoria", Bizkaiko txirrindularitzaren historiaren figuretako bat da eta bere garaipenen zerrendan 1966ko Espainiako Bira nabarmentzen da.

Tour Eguneko espazioei buruz

Lekeitioko Tour Egunaren esparrua Independentziaren Enparantzan jarri da eta hainbat gune barne hartzen ditu:

"Tourraren tailerren" gunea, honako hauekin:

  • Hezkuntza-ikasgela bat, non, jolasaren bidez eta Maxoo Tourreko maskota ofizialaren eskutik, txirrindularitzan, bizikletaren ezagutzan eta 14 urtera arteko neska-mutilen oinarrizko arauen ezagutzan sakontzen den.
  • Bide-segurtasuneko gela bat, non modu seguruan bizikletan ibiltzen ikasteko, arauak jokoen bidez ezagutzeko, ekipamendu egokia erabiltzeko eta bizikletaz ibiltzean behar bezala jokatzeko jardungo den. 
  • Lantegi-gune bat, bizikleta mantentzeari eta konpontzeari buruzko oinarrizko nozioak ikasteko, bai eta lapurretak saihesteko babesari buruzkoak ere.
  • Bizikletak aukeratzeko eta probatzeko gune bat, non pertsona espezializatu batek erabiltzaile bakoitzarentzat egokiena den bizikleta motari eta tailari buruzko aholkuak ematen dituen, dauden moten arteko zalantzak argituz; hiriko bizikletak, errepidekoak, mendikoak, tolesgarriak, elektrikoak.
  • Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak zerbitzu bat eskaintzen du bizikleta pertsona bakoitzaren biometriara egokitzeko (aulkiaren, eskulekuaren eta abarren altuera eta inklinazioa), eta pertsona bakoitza bere bizikletarekin joan daiteke bertara.
  • Hastapenetarako pista bat, espezialistek gainbegiratua, 2 eta 10 urte bitarteko haurrak bizikletaren erabileran ohitu daitezen.
  • Txirrindularitzan hasita dauden 6-14 urteko haurrentzat egokitutako pump track pista.
  • Bizikleta elektrikoak eta desgaitasuna duten pertsonentzako egokitutako bizikletak probatzeko eremu bat
  • Euskaltel-Euskadik jarritako karpa bat, arrabola simulagailuekin,
  • Lekeitialde Silloniz Txirrindulari Elkarteak gauzatzen dituen jarduerak azaltzen dituen gune bat.

Era berean, Frantziako Tourraren historiari eta Bizkaiko Tourraren historiari buruzko erakusketak daude ikusgai, Vicente Blancok 1910eko edizioan parte hartu zueneko garaira itzuliz, bai eta Frantziako Tourraren merchandising-gune bat ere.

Nabarmendu beharra dago, Frantziako Tourreko maillotaren eta Euskaltel-Euskadi taldearen maillotaren zozketan parte hartzeaz gain, haurrek eta jarduera desberdinetan parte hartzen dutenek Tour Egunaren diploma ofizial bat jasotzen dutela.