Lekeitioko Udalak martxan jarriko du indarkeria matxistaren eta sexu erasoen biktima diren emakumeei laguntza hobea emateko jarduketa protokolo berria.
Datuek erakusten digute fenomeno horren joera goranzkoa dela. Emakunderen datuen arabera, indarkeria matxistak eragindako emakume-biktimizazioen kopurua EAEn 2021ean 5.430 izan zen, 2020an baino 154 gehiago.
Lekeition, bestalde, 2021eko urtarriletik azarora bitartean jasotako datuen arabera, 15 genero-indarkeria kasu zenbatu dira, eta horietako bat adingabea da. Artatutako 15 emakumeetatik 10ek seme-alabak zituzten beren kargura, eta horien artean 12 adingabe zeuden.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 62. artikuluak toki-administrazioei eskatzen die beren lurralde-eremuan lankidetza-akordioak eta jarduera-protokoloak susta ditzatela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sustatutako akordioak eta protokoloak garatzeko, zehazteko eta bakoitzaren errealitatera egokitzeko.
Ildo horretan, Lekeitioko Udalak, IV. Berdintasun Plana diseinatzen ari dela, Protokolo hau aldatu du, indarkeria matxistaren baten biktima izan diren emakumeei arreta eta babesa emateko ardura duten erakundeen adostasunarekin.
Protokoloak egoera horien aurrean jarraitu beharreko eginkizunak eta prozedurak ezartzen ditu, emakumeei eta seme-alaben arreta hobetzeko eta eskumenak dituzten zerbitzuetara bideratzeko adostutako jarraibideak bermatzeko.
2015ean Haurrak eta Nerabeak Babesteko uztailaren 28ko 26/2015 Legea onartu zen. Lege horrek aldatu egin du Genero Indarkeriaren aurkako Babes Osorako Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 1. artikulua. Aurrerantzean, adingabeak genero-indarkeriaren biktimatzat hartuko dira, eta, horren ondorioz, azpimarratu egiten da epailetzak nahitaez hartu behar duela beren gain babes-sistemaren gaineko erabakia.
Ondoren, 8/2021 Lege Organikoa onartu zen, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurka osorik babesteari buruzkoa. Horren bidez, aldatu egiten da, azken xedapenetako hamargarrenaren bidez, Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 1. artikulua, jasota gera dadin lege horrek aipatzen duen genero-indarkeriak barnean hartzen duela, halaber, adingabeei kalte egiten dien edo kalte egiten zaien indarkeria, hain zuzen ere.
Azken batean, Protokolo hau erakundeen esku-hartzean koordinazioa eta osagarritasuna modu integralean hobetzeko tresna bat da; izan ere, gai horrek prebalentzia handia du eta oso ondorio larriak ditu gizarte osoarentzat, eta diziplinarteko modua erabiliz jorratu behar da, bereziki emakumeen eta gizonen berdintasun-politiketatik.
Protokolo honen bidez, indarkeria matxistarik gabeko berdintasunezko gizarte baten aldeko konpromiso irmoa berretsi nahi dugu. Horri esker, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eta haurrei ematen zaien arreta hobetzen jarraituko dugu, inplikatutako eragileen arteko ahaleginak bateratuz, eta sentsibilizazioarekin eta kontzientziazioarekin batera, ikastetxeetan, elkarteetan, emakume-kolektiboetan, azken batean, gizartean oro har.