Gernika-Lumoko Udalak Bidebusaren gaueko zerbitzua jarriko du martxan Andra Maria eta San Roke jaietan. Orain dela bi urta hartu zuten erabakia lehenengoz eta berau mantenduko dela ziurtatu du Irati Martinez Agirrezabala Berdintasun eta Herritarren Partaidetzarako zinegotziak. Jaietan “jende asko irteten da eta garraio publikoa erabiltzea ezinbestekoa da beren etxeetara ibilbide segurua bermatzeko. Gainera, 2019an izan genuen lehen esperientzia oso ona izan zen eta horregatik ekimenarekin jarraitzea erabaki dugu “.

Horrela, udalak zerbitzu hau emango du abuztuaren 14tik abuztuaren 18ra arte, “22: 00etatik 06: 00etara arteko ordutegian. Geralekuak eskatu ahal izango dira “bidaiariek hala eskatzen dutenean, bizilekutik edo joan gura duten lekutik gertuen gera daitezen. Zerbitzu horrek emakumeen errealitatea kontuan hartzen du, izan ere, “taldean doazenean, horrelako erasoak gertatzea zailagoa da”, Agirrezabalaren ustez.

Horrela, tarteko geldialdi bat egin nahi duen pertsonak aldez aurretik jakinaraziko dio gidariari zein lekutan jaitsi nahi duen. “Horrela, adierazitako premian oinarrituta eta puntuak erabiltzailearen bidesegurtasunerako arriskurik ez dakarrela kontuan hartuta aukeratuko da puntua”, Gernika-Lumoko Udaletik zehaztu dutenez. Zinegotziak azpimarratu duenez, “politika publikoak genero-ikuspegitik bideratu behar dira, eta xedapen horrekin segurtasunean irabazten da”. Ibilbideak eta ordutegiak udalaren webgunean eta udalaren sare sozialetan –Twitter, Facebook eta Instagram– egongo diraeskuragarri.

Bestalde, Udaleko Berdintasun Sailak, Andra Maria eta San Roke jaietan ere, indarkeria sexisten aurkako informazio gune bat jarriko du indarkeria matxistarik gabeko jaiez gozatzeko. Informazio-gunea Saraspe plazan izango da eta abuztuaren 14tik 18ra egongo da zabalik, arratsaldeko 19:00etatik eta gaueko 22: 00etara arte.