Ez da Euskal Herrian eta munduan lau haizeetara zabldutako kontakizuna. Baina Lekeitiok parte hartze erabakiorra izan zuen Magallanes portugaldarrak hasi eta Elkano getariarrak lehenengo mundu biran. Izan ere, duela 500 urte, “Lekeition eraiki zen Trinidad ontzia (jatorrian Santa Catalina de Siena deitua), lehen mundubira emango zuen espedizioko ontzi-buruzagia”. Victoriarekin batera, “bidaiaren jatorrizko helburua lortu zuen bakarra izan zen, hau da espezien jatorriko Moluka uharteetara heltzea lortu zuen”. Eta bost mende igarota, udalerria beriro da protagonista. Izan ere, Elkano Fundazioak bultzatu eta Xabi Solanok egindako Bi mundu izenburupeko kantaren bideokliparen eszenatoki bilakatu da. Atzo zabaldu zuten bideoklipa, sare sozialen eta Youtube aplikazioan.
Orain dela zenbait aste Elkano Itsas Herria egitasmoak Lekeition egindako geldialdia baliatu zuten bideoklipa egiteko. Eta nola ez, itsas-munduarekin lotura zuzena du ikusentzunezkoak. “Honen baitan uda honetan euskal kostaldea zeharkatzen ari den Juanita Larando patatxa da bideokliparen protagonista”, gaineratu dutenez, “baita patatxean dantza egiten duten talde hauetako dantzariak ere: Kimua Dantza Kolektiboa, Oinkari Dantza Taldea, Aukeran Dantza Konpainia, Bizkargi Dantza Taldea, Kresala Dantza Taldea eta Euskal Herriko 2022 dantza sueltoko txapeldunak. Bi mundu kantak zein bideoklipak Etxepare Euskal Institutuaren laguntza jaso dute”, aipatu dute Elkano Fundaziotik.
Euskal Herria eta Cabo Verde
Bi mundu izenburupeko abestia Solanok konposatu eta abestu du, musikari hernaniarrari Elkano Fundazioak proposamena luzatu ostean. “Letra Jon Garmendia Txuriyarena da, Solanoren ohiko kolaboratzailea. Elkanok munduari emandako lehenengo biran inspiratutako kantua da; euskaratik eta euskal herritarren ikuspegitik, aniztasunean, kultura trukaketan eta bidaia hura posible egin zuten pertsona guztien elkarketan jarri du arreta”.
Solanok Afrikako Cabo Verdera egin zuen bidaia musika osatzeko –Elkanok eta gainerako eskifaiak penintsulara itzuli aurretik egin zuten azkeneko geldialdia–. “Bertako musikari hauek parte hartu dute abestian: Solange eta Tareza Fernandes (ahotsa), Africano Cavaquinho (ferro, ferrinho), Pascoal Fernandez (cimboa), Batuco (ahotsak) eta Khaly Muzik (teklak eta perkusioa)”. Euskal musikarien parte hartzea nabarmena izan da: Aritz Beristain (bateria), Aitor Zabaleta (baxua), Txus Aranburu (teklak), Zigor Lampre ( sampler), Iñigo Egia (perkusioa), Arkaitz Miner (sokak), Ander Sanjose (panderoa), Moonshine Wagoneko Lander eta Goiatz ( koroak). Azkenik, kanta Elkar (EuskalHerria), Khaly Muzik (Cabo Verde) eta Afterhours (Los Angeles. AEB) estudiotan grabatu da.
Lekeitiok bere dituen paisaia ikusgarriak –Garraitz irla, portua, Isuntza hondartza...– dira bideokliparen oinarri. Eta nahi duenak Youtuben da iksugai.
Bideoklipa
Dantzariak. Kimua Dantza Kolektiboa, Oinkari Dantza Taldea, Aukeran Dantza Konpainia, Bizkargi Dantza Taldea, Kresala Dantza Taldea eta Euskal Herriko 2022 sueltoko txapeldunak dira Bi mundu abestiaren bideokliparen protagonista nagusiak.
Estudioak. Euskal herriko Elkar, Cabo Verdeko Khaly Muzik eta Amerikoako Estatu BAtuetako Afterhorus estudioetan grabatu eta ekioztu dute Solanoren abestia.