Bizkaiko udalerri gutxik mantentze dute auzo alkatearen figura. Udalaren eta auzuneen biztanleen arteko zubi lana betetzen duten herritarrak, Bermeo da lurralde historikoan figura hau mantentzen duen bakanetakoa. Iragan den 2019 urteko abenduan izendatuak, aldaketa bat izango da aurrerantzean Arenen. Izan ere, Rafael Alegriak Jose Angel Lasa ordezkatuko du.

Iragan den ostiraleko Bermeoko Udaleko Osoko Bilkuran eman zuten jakitera Areneko auzoan –bederatzi dira guztira Bermeon postu berezia hau duten auzuneak: Agarre, Almike, Arronategi, Artike, Demiku, Mañu, San Andres eta San Miguel, Areneko landa-guneaz aparte– aldaketa izango dela. Eta Aritz Abaroa alkateak, jada Alegriari aginte makila emanda, bere “eskerrik beroenak” agertu nahi zizkion orain arte postua bete duen Jose Angel Lasari, “urte hauetan guztietan egindako lanarengatik”. Eta “zorterik hoberena” ere opa zion Rafael Alegriari bere zeregin berrian. “Seguru naiz oso ondo beteko duela auzo alkatearen lana”, adierazi zuen Abaroak.

Bermeoko auzo alkatearena figura berezia da, “zahar eta oso baliagarria” udal funtzionamendurako, Udaletik nabarmendu dutenez. “Izan ere, lehen gobernu demokratikoa sortu zenetik dator–duela 40 urte baino gehiago– eta bere funtzio nagusia da Bermeoko baserri auzoen eta herriko Udalaren arteko zubia izatea”. Auzo hauetan sortu daitezkeen “proposamen, beharrizan edo arazoak inork baino hobeki ezagutzen ditu eta herriko udal Gobernuarekin batera auzogunea hobetzeko lan egitea da bere lana”. Sor litezkeen beharrizanei eta arazoei erantzunik aproposena bilatze aldean, kontaktu zuzena dute auzo alkateek Udalarekin. Aldi berean, Bermeoko udaletxearentzako “oso figura lagungarria da”, azpimarratu dute, “auzoekin interlokuzio zuzena lortzen duelako”. Horrela, “alde biak irabazten ateratzen dira”.