Historiaurreko ondare nabarmena du Lekeitiok, arkeologoek herriko eta inguruko hainbat gunetan azalarazi dutena. Eta beronen ezagutzan sakontzeko helburuarekin, Arkeologia Eguna antolatu dute. Inguruko kobetarako bisita gidatuak eta birtualak, tailerrak eta hitzaldi espezializatuak izango dira jardunaldiaren gako nagusiak. Euskadin grabatu gehien dituen aztarnategia den Atxurrako –113 irudikapen ditu– edo Lumentxako kobetan bilatutako altxor historikoak berreskuratuko dituzte, publikoari erakusgarri jarriz.

Abuztuaren 4rako antolatu dute jardunaldia. Eta bere baitan zenbait dira antolatutako ekintzak. Lehendabiziakoa Isuntza/Zubiburuako kobazulora bisita izango da, “paleolitoko argiztapena erabilita”. Sei laguneko taldeetan –nagusi zein umeentzako–, euskeraz zein gazteleraz eta goizeko 10:00etatik 12:30etara arte, “kobazulo eder honen eraketa geologikoez gozatu” ahal izango da, “Paleolito garaiko argiztapena erabilita (koipezko lanparak)”. Bisitaren iraupena 30 minutuko izango dela aurreratu dute antolakuntzatik. Kobazuloan barrena ibiltzeko beharrezkoa den materiala –kaskoak eta argiak– antolakuntzak ipiniko ditu aurreratu dute. Parte hartzen dutenen-tzako gomendioa ere plazaratu dute, “mendiko arropa eta botekin etortzea”. Izen-emateak before_art@unican.es edo beforeartproject@gmail.com helbideetan egin ahal izango dira.

Bestetik, paleolito garaiko pigmentuak ezagutarazteko tailerra antolatu dute. “Mineralez (hematitea, limonita, manganesoa) zein egur ikatzez eginiko pigmentu naturalekin, paleolito garaiko irudiak egiten saiatuko” dira “denon artean. Isuntza/Zubiburuako kobaren kanpoaldeko plazatxoan geratu dira, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 13:00ra arte. “Eguraldi txarra egiten badu, haitzulotxo bat dago aterpea hartzeko”, jakinarazi dute. Umeei zuzendutako ekintza, euskaraz eta gazteleraz, “pigmentuak, ura, folioak, harri xaflak eta plastikozko estalkiak (arropa ez zikintzeko) antolakuntzak ipiniko dituela” gaineratu dute. Izen-ematea arestian aipatutako helbide elektronikoetan egin ahal izango da. Antolatzaileek “txanda aldez aurretik hartzea” gomendatu dute.

Solasaldiei dagozkienez, bi antolatu dira abuztuaren 4an. Lehendabiziko, Maria Angeles Medina-Alcaidek eskainiko du, gazteleraz Más allá del arte: Iluminando el contexto arqueólogico de las cuevas decoradas izenburupekoa. Gazteleraz, 18:00etan hasiko da, eta ostean –18:45etan– Iñaki Intxaurbek Paleolito garaiko espeleologoak: irisgarritasun zaileko gune apainduak Euskal Herrian solasaldia eskaniko du. Eusebio Erkiaga kultur etxeko Azkue aretoan izango dira biak.

Azkenik, arratsalde partean Atxurrako kobazuloko bisita sentsoriala izango da. “Kobazuloa apaindu zuten garaian (Madeleine aldia) zuen itxura birsortzea” da asmo, “soinu eta irudiak barne”. 10 minutuko iraupena izango dute bisitaldiek. – Imanol Fradua

Atxurrako koba

Errealitate birtuala. “VR (errealitate birtuala) betaurrekoak eta telekomandoa erabilita”, Atxurrako (Berriatua) kobako Zaldien Erlaitza sektorearen erreplika birtuala egongo da Azkue aretoan. Kobazuloak zuen itxura birsortzea izango da helburua. “Grabatuak egin berri baleude bezala ikusiko ditu” bisitariak.