Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta azken bi edizioak bertan behera utzi behar izan ondoren, Abanto Zierbenak aurten berreskuratu ahal izan ditu Las Carreras, Sanfuentes eta Gallartako jaiak. Egindako balantzea oso positiboa izan da, Udalaren iritziz. Guztira 300 jai-ekitaldi baino gehiago egin dira.

“Ekitaldiz, kontzertuz, jokoz, lehiaketaz, kirolez eta erakustaldiz betetako sei asteburu izan dira. Alaitasunak, musikak, kulturak eta dibertsioak berriz hartu dituzte gure kaleak, eta hori oso garrantzitsua da, zalantzaz eta goibeltasunez betetako bi urteren ostean gure jaiak berreskuratzeko beharra genuelako. Egiari zor, primeran atera dira, elkarte guztien eta Udalaren zereginari eta, batez ere, errespetuan eta jarrera onean oinarritutako herritarren portaerari esker. Topaketa paregabea izan da”, azaldu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Jaiotan nobedade handia izan da 3 auzoen artean (Gallarta, Sanfuentes eta Las Carreras) autobus-zerbitzua abian jartzea. Jaietan doako autobusa ibili da gauero 23:00etatik 06:00etara hiru auzoetan.

Las Carrerasko jaietako lehenengo asteburuan bakarrik 1.400 joan-etorri baino gehiago egin ziren, eta erabiltzaileek oso ondo baloratu zuten.

“Jaien arteko doako autobus-zerbitzua eraginkorra izan da alkohola edan den gauetan kotxez joan-etorriak saihesteko, egoiliarrentzat udalerrian aparkaleku-arazo handiegirik ez sortzeko eta, batez ere, gure herritarrek eta, batik bat, gazteenek segurtasun handiagoa izateko. Etxera modu seguruan eta lagunduta itzuli dira, egun borrokatu behar dugun errealitate tamalgarria alde batera utzita, hau da, eraso sexistak”, azpimarratu du Etxebarriak.

“Eskerrik asko guztioi, herritarroi, elkarteoi, gertuko beste herri batzuetako bisitarioi, alaitasunez eta errespetuz gure jaiez gozatzeagatik. Balantzea bikaina da, eta jai seguruak, parte-hartzaileak eta alaiak izan dira”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.