Portugaleteko Udalak 'Zazpiehun bihotz danba' izeneko lamina berrargitaratuko du, udalerriko alkateorde eta Ekonomia Sustapen eta Enpleguko zinegotzi den Txema Ezkerrak ostiral honetan, uztailak 22, ezagutarazi duen bezala.
Aurtengo apirilean abiatu zen kanpainak Iñaki Landa artista portugaletetarraren obra bat zuen ardatz nagusi. Ideia sinplea zen: haren artelana paperezko poltsetan islatzea tokiko saltokietan banatzeko, amaitu arte, kanpainariatxikitako saltokietan erosiz lor zitezkeen ilustrazio batzuk editatzea. Zehazki, 10 euroko edo gehiagoko erosketa bakoitzeko, txartel bat ematen zitzaion bezeroari, eta hiru txartel biltzen zituenean, horretarako editatutako 1000 ilustrazioetako bat lor zezakeen.
Guztira 158 saltoki atxiki ziren kanpainara eta gaur egun ilustrazio guztiak agortu dira. "Nahiz eta euskarri guztietan adierazi genuen kanpainak izakinak amaitu arte iraungo zuela eta 1.000 ale argitaratu zirela, lortutako arrakasta ikusita eta hiru txartelak lortu dituen inor ilustraziorik gabe gera ez dadin, 500 ilustrazio gehiago eskatu ditugu eta irailetik aurrera eskuratu ahal izango dira", azaldu du Txema Ezkerrak.
Maria Diaz de Haro andreak Portugaleteri hiri-gutuna eman zioneko 700. urteurrena omentzeaz gain, kanpainaren beste helburuetako bat tokiko merkataritza dinamizatzea izanik, horren harira hauxe gogorarazi du Ezkerrak: "Ederki dakigunez, 700 urte bete ditugu eta historia luzea dugu, egunez egun jarrilleroek, haien klubek, elkarteek eta erakundeek landua. Zazpiehun urteko historia horretan arlo ekonomikoan beti izan ditugu lagun itsasadarra, gure merkatuak, merkataritza eta ostalaritza".
Ezkerrak azaldu duenez, "Lamina Iñaki Landa Fuentes ilustratzaile portugaletetarraren lana da eta Zazpiehun Bihotz Danba du izena. Irudi ederra da eta jarrilleroen sinbolo maiteenetako batzuk hartzen ditu bere bihotz forman: gure jentilizioa inspiratzen duen pitxerra, zubi esekia, itsasadarra, itsasargia edo Santa Maria basilika. Irudi honek Portugalete naturarekin harmonian eta harreman estuagoan bizi izango den etorkizunerantz proiektatzen gaitu. Zazpiehun urte hauetan zehar, guztion taupadei esker eraiki da Portugalete; jarrai dezagun eraikitzen, elkarrekin hazten eta komunitate gisara elkarri laguntzen".