Orain dela zazpi urte sortu zenetik, etengabeko hazkundeari eutsi dio Markina-Xemeinen kokatutako Leartiker zentro teknologikoak. Urteko batez besteko hazkundea % 7koa izan da; hala ere, azken ekitaldian, emaitza hobeagoak izan ditu. Bere arduradunek zehaztu dutenaren arabera, zentro teknologikoak negozio-bolumena %25 handitzea lortu du, “lehen aldiz 4 milioi eurotik gorako zenbakietan kokatuz”. Elikagaien teknologiaren eta polimeroen teknologiaren alorrak ditu jarduera-eremu Lea Artibai eskualdeko ekonomiari ekarpen nabaria egiten dion erakundeak.

Leartikerrek aurreko ekitaldiaren amaieran ezagutza eta garatutako teknologia transferitzen dien enpresen fakturazioan bi milioi baino gehiagoko eragina izan zuen. “Zentro teknologikoa beti nabarmendu izan da teknologia-transferentziaren indize altuagatik, bere plantilla osatzen duten pertsonen talentuari esker, emaitzak transferitzeko etengabeko ikuspegia duelako eta enpresekin duen lankidetza estuari esker”, diotenez. Ikerkuntzaren bikaintasunean bilakaera ere handia izan da, “eta, horri esker, 10 argitalpen eta komunikazio zientifiko baino gehiago egin dira, bi patente eskuratu dira eta patenteen hiru eskaera berri gauzatzen ari dira”.

Lea Artibai eskualdean kokatutako zentro teknologikoaren lan-taldea irudian. | ARGAZKIAK: LEARTIKER Imanol Fradua

LKT2025 Plan Estrategikoa definitu zuen zentroak 020. urtearen amaieran, espezializazioak indartzeko “apustu tinkoa” eginez. Horretarako, “lankidetza-proiektuen bidez, zentroak berezitasun eta erreferentzialtasun teknologikoa lortu nahi du, eta helburuak horiek betetzen ari dira Leartiker osatzen duen lan-taldearen ahaleginari esker”. Azken urteetan hazkundea etengabekoa izan da: honen erakusle da Leartikerren plantilla “gero eta handiagoa dela. Zentro teknologikoak, 2021. urtearen amaieran, 50 langile zituen, ikerlarien %20 doktoreak izanik. Kopuru hori handituz joango da, gaur egun doktoretza-tesia zentroan burutzen ari diren 4 pertsonek tesia bukatzen dutenean. Ikerketa-bikaintasuna gorantz doa Leartikerren, eta zentroaren hazkundeak aurrera darrai”. Zenbait mugarriz betetako urtea izan zen iazkoa. Tartean izan ziren Foku Anitzeko Zentro Teknologikoaren berrakreditazioa lortzea, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundean sartu izena eta Esneki Zentroaren jaiotza.