Ane Marurik ez zuen “inondik inola espero egunen baten Kaxarranka dantzatzeko” ohorea izango duela. Atzo heldu zitzaion eguna. Eta “senitartekoen, lagunen eta herritarren babesaren” menpe, Lekeitio San Pedro eguneko dantza ikusgarria burutu zuen. Eguerdi partean eta dena prest zela, arrantzaleen santuaren pean eta Kofradian urteko tradizio nabarmenetako baten protagonista izan zen. Garai berrietara moldatzen diren ohitura zaharren ispilu, Marurik bere lana ederto egin zuen. Eta Lekeitioko udalerriak ederki asko txalotu zuen gaur egungo garaietara egokitzen doazen aintzinako errituak.

Kalejiran santua basilikatik irten baino arinago, eta portuan zehar bere errondatxoa egin baino arinado, Lekeioko Etorkizuna dantza taldekoak burubelarri ari ziren prestatzen udaletxeko lehen solairuan. Tartean zen Maruri ere. Eta “urduri” zegoela adierazten zuen, nahiz eta aldez aurretik “zenbait bider entsaiatutako” kontua zen. Izan ere Bizkaiko Dantzari Egunean igo zen kaxa gainera. “Urduri, erantzukizun handia delako herriaren aurrean dantzan aritzea. Baina baita ilusio handiz” hartu zuen erronka izanz en. Lehenengo emakumezkoa zen Kaxarranka dantzatuko zuena, baina berak ez zion hainbesteko garrantziarik ematen. “Heldu beharrekoa zen eguna”, argi zuen “berdin diola emakumezko zein gizonezko, kontua da pertsona bat dela gora igotzen dena. Eta hori ez da aldatu, bere horretan mantentzen dean kontua da”.

Isuntza arraun elkartekoen laguntzarekin –eurek izaten dute kaxa sostengatzeko ardura–, Maruri trebe aritu zen. Baten baten, eta nahiz eta kirioak ez zitzaizkion askorik igartzen, hurbilekoei irrifarre egiteko aukera ere izan zuen. “Asier Uskolak, orainarte Kaxarranka dantza-tzeko ardura izan duen lekeitiarrak, asko lagundu dit”, nabarmendu zuen, emandako erreleboak etorkizuna duela azaleratuz. Beraz, egokitutako tradizioak badu datozen urteetan postua beteko duenik. Hala izan dadila.

Lekeitioko San Pedro jaietako jardunaldi handiak, hala ere, beste emakume bat ere izan zuen protagonista. Izan ere, asteartean –ekainak 28a–, iluntzean Miren Agur Meabe Plaza Ohorezko Herritar eta Alaba Kutun izendatu zuten. Atzokoan ospakizunen lehen lerroan izan zen, detailerik galdu barik. Meabe Plazaren izena “ahoz aho ibili da azken hilabeteetan. Alde batetik, Poesia Sari Nazionala irabazi zuen iaz Nola gorde errautsa kolkoan liburuarekin, Estatuan poesiagintzan ematen den saririk garrantzitsuena. Bestalde, aurten Euskaltzaindiaren euskaltzain oso izendatu dute, ohore handiko postua eskur duelarika”, azpimarratu zuten. “Urteetan zehar Lekeitioren izenari eman dio ospeagatik izendapena eman zitzaion, Udalak azken hamarkadetan emandako hirugarrena izanik, emakume bati ematen zaion lehena. Aurretik Jose Miguel Barandiaran (1989) antropologo, etnografo eta apaizak eta Victor San Miguel (1990) Kuwait-eko apezpiku lekittarrak jaso zuten izendapen hau”, ziotenez.

Lekeitiok debozioz ospatu zituen Kalin Kala tradizionala, non San Pedro santuaren irudia itsasora botatzeko mehatxatzen duten –prozesioan ziren Koldo Goitia alkatea edota Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Kultura saliburua–, beti ere honek trukean arrantza ona ekartzeko laguntzen duen, eta baita andren aurreskua edo Eguzki dan-tza ere, emakumezkoek jendez beterik zegoen plazan egin zutena. Ezbairik gabe, egun ederra izan zen, eguraldia lagun izan zuena. Eta udalerriak beste behin erakutsi zuen garai berrietara moldatzeko duen nortasuna.