Busturialdean erreferentzia bilakatu den Jazzber Jaialdia bihar izango da bueltan berriro. XXIV. edizio honetan Loek van den Berg Quintet, Vicente Marin Trio eta Filippo Deorsola Group-ek parte hartuko dute, lehen mailako jazz musika Bermeora ekarriz. “Jazz musika eta bere zaletasuna bultza-tzea helburuarekin”, Bermeoko jazzaldi ospetsua ekainaren 29tik uztailaren 1era bitartean ospatuko da Kafe Antzokian.

“Jazzber jaialdia erreferentzia da gure eskualdean. Izan ere, Busturialdean egiten den jazzaldi bakarra da. Aurten Getxo Jazzaldian parte hartuko duten bi talde etorriko dira (Filippo Deorsola Group eta Loek van den Berg Quintet) eta estatu mailan erreferentzia den Vicente Marin Trio entzuteko aukera ere izango dugu”, azaldu zuen Alazne Zumeta Kultura zinegotziak. “Talde hauek jaialdiak duen maila bikaina erakusten dute, zalantzarik gabe. Uda jazz musikaz gozatzeko aukera paregabea da eta bermeotarrak eta ingurukoak hona etortzera gonbidatzen ditugu”, esan zuen.

Emanaldiei dakozkienez, bihar (ekainaren 29an) hasiko dira kontzertuak. Loek van den Berg Quintet Herbehereetako taldearekin (20:30ean) hasiko dira. “Talde hau 2019. urtean abiatu zen musika eszenan. Ibilbide horretan taldeko liderraren konposizio melodiko eta malenkoniatsuak ardatz duen estiloa sortu dute eta aurten bere lehen diskoa kaleratuko dute”. Hurrengo egunean, ekainaren 30ean, Vicente Marin Trioren txanda izango da (20:30ean). “Talde hau inprobisazio solistikotik haratago doa, melodiekin, egiturekin edo abesti-zerrendarekin jolastuz, ia aurretiazko jarraibiderik gabe”. Azkenik, uztailaren 1ean Filippo Deorsola Group-ekin gozatu ahal izango dugu (20:30ean). “Italia, Herbehereak eta Belgikako hiru musikari biltzen dituen piano, kontrabaxu eta bateria hirukotea da. Azken herrialde horretan sortu zen taldea, Filipo Deorsola pianista gaztea buru duela”. Inprobisazioan eta disziplina anitzeko kontzeptu filosofiko eta estetikoen ikerketan oinarri-tzen da taldea.