Bizkaiko Foru Aldundiak krisialdiak lehen sektorean epe laburrean izango dituen ondorioak arintzeko talka-plana jarriko du martxan.

Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko diputatuak gaur aurkeztu diete lehen sektoreko ordezkariei Bizkaiko Foru Aldundiak diseinatu duen talka-plana. Azpi-sektore desberdinetako ordezkariekin apirilaren eta maiatzaren artean egindako topaketetan gauzatu zen egiaztapen-lanaren emaitza da plan hau. Hala, 1.875.000 euroko aurrekontua dauka, hemendik eta urte amaierara bitartean pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondoriozko atzeraldia eteteko garatuko diren ekintzak finantzatze aldera. Agiriaren arabera, gainera, lan-batzorde batzuk sortuko dira, aurtengo urritik 2024ko apirilera bitartean jorratu ditzaten epe ertain eta luzean hartu beharreko neurriak.

Epe laburrean, Aldundiaren talka-planak 10 neurri ezartzen ditu. Horien artean nabarmentzekoa da, bere zenbatekoagatik, laguntza zuzenen lerro bat, 1,2 milioi euroko hornidura duena, lehengaien prezioaren igoeraren ondorioz ustiategietan galdu den errentagarritasuna arintzeko. Dirulaguntza zuzen hauen hartzaileak honako azpi-sektore hauek izango dira: esnetarako eta haragitarako behiak, txerriak, hegaztiak, ardiak eta ahuntzak, zaldiak, untxiak, barraskilo-hazkuntza, erlezaintza, mahastizaintza, sagarren ekoizpena eta barazkigintza.

Beste 200.000 euro bideratuko dira behi, ardi, ahuntz, hegazti, barazkigintza, mahastizaintza eta sagarren ekoizpenaren azpi-sektoreen erakunde esanguratsuenekin hitzarmenak sinatzeko, horiek modernizatzeko plan estrategikoak garatze aldera.

PLAN ESPEZIFIKOAK

Talka-planaren barruan sartzen da, halaber, txakolinari abantaila lehiakor handiagoa ematera berariaz zuzendutako bi plan berezi martxan jartzea. Horretarako, ezaugarri bereizgarriagoak eta ekoizpen ekologikoagoak sustatuko dira, eta sagarraren eta sagardoaren ekoizpenaren sektorea profesionalizatzeko laguntza emango da. Horietako lehenak 105.000 euroko aurrekontu dauka eta bi ekintza jasotzen ditu:

  • Batetik, berregituraketa-plan praktiko bat, mahastiak kudeatzeko tekniken aplikazioaren, prestakuntzaren eta ezagutzaren programa baten bidez garatuko dena, praktika ekologikoak erabiliz, Zallako Frutagintza Estazioarekin eta gaiaren gaineko aditu aholkulariekin lankidetzan. Mahastizainei parte hartzeko eskatuko zaie, lurraldeko lursail desberdinetan entseguak egiteko.
  • Bestalde, Bizkaiko txakolina sustatzeko plan bat, Bizkaiko Txakolina jatorri-deitura garatzen ari den hobekuntza-estrategiari balioa emateko.

Bigarren planak sagarraren eta sagardoaren ekoizpenarekin dauka lotura. 35.000 euroko hornidura dauka, bi ekintzatan antolatuta. Batetik sagarrondoak berregituratzeko plana dago, landa-lanaren bidez plantazioen dimentsioa, kalitatea eta erabilera ebaluatzeko helburua duena. Plan hori abiapuntua izango da Zallako Frutagintza Estazioarekin batera praktikarik onenak garatzeko sagardoaren azpi-sektorearen etorkizunerako. Bestetik, sagardoaren ekoizpenerako plan bat dago, Euskal Sagardoa jatorri-deiturarekin eta Bizkaiko Sagardogileekin lankidetzan garatzeko.

Beraientzat esklusiboki diseinatutako neurri espezifikoak dituzte beste azpi-sektore batzuek ere, esaterako erlezaintzak. Azpi-sektore honek 20.000 euroko aurrekontua edukiko du, Zallako Frutagintza Estazioan entsegu bat egiteko, erlezain aditu batekin. Hala, liztor asiarraren eta barroaren ziozko arazoak jorratzeko teknikak garatu nahi dira, oraindik homologatuta ez dauden arren. Halaber, basogintzara 25.000 euro bideratuko dira, basogintzaren kudeaketa iraunkorra ikuspegi teoriko eta praktikotik jorratuko duen kongresu bat antolatzeko.

EPE LABURRERAKO BESTE NEURRI BATZUK

Bizkaiko Foru Aldundiak gaur aurkeztu duen agiri honetan, gainera, hainbat neurri jasotzen dira, basoko faunako espezie batzuek sortzen dituzten gaixotasunen ziozko kalte eta arriskuetatik babesteko ustiategiak. Horretarako, 80.000 euroko laguntzen dekretu bat argitaratuko da, eta, bertan, itxitura eta artzain elektrikoak instalatzeko, hesi eramangarriak erosteko, eta ganadua geolokalizatzeko gailuak, mastinak, eta basurdeen prebentziorako kaiolak erosteko laguntzak aurreikusiko dira.

Gainera, planaren barruan, beste 90.000 euro bideratuko dira hondakin plastikoen bilketa areagotzeko, abeltzainak sustatzeko eta artilea bultzatzeko, eta 120.000 euro salmenta zuzena indartzeko. Azken eremu honetan, laguntzak emango dira azoketan jartzen diren erakustokiak diseinatu eta egiteko, irudi homogeneo eta berritua emate aldera; elementuak erosiko dira salmentako tiketak igortzeko (softwarea, saltokiko terminala duten balantzak, inprimagailuak eta tabletak), eta kontabilitatearen kudeaketa honetara egokitzeko prestakuntza jasotzeko; eta promozio-kanpaina bat egingo da, merkatuen berri emate aldera.

Epe laburrera garatuko den neurrietan azkenak lehen sektoreak ekonomian, gizartean eta ingurumenean egiten dituen ekarpenen eta sortzen dituen onuren gaineko sentsibilizazioa piztu nahi du jendartean. Horretarako, 20.000 euroko aurrekontua dauka.

EPE ERTAIN ETA LUZERAKO NEURRIAK

Sektorearen behar handienei erantzuteko berehala garatu behar diren ekintza esanguratsuenez gain, sektorearekin egindako egiaztapen-lan honetan epe luzera hartu beharreko hainbat neurri ere identifikatu dira, luzeago edo zehatzago eztabaidatu eta aztertu behar direnak. Eztabaida eta azterketa hori egiteko, planak lan-batzorde batzuk sortzea aurreikusten du, HAZIrekin lankidetzan, azken hori izango delarik idazkaritza teknikoa. Halaber, azpi-sektore desberdinei eta Foru Aldundiari laguntza emango die, agiri honetan jasotako egiturazko gaietan sakontzeko prozesuan. Gai horien artean aipatzekoak dira, besteak beste, laguntza-planaren berrikuspena; abeltzaintza estentsiboaren eremuan planteatzen diren erronkak; lurzoruaren funtsa; belaunaldi-erreleboa; nekazaritzari, digitalizazioari edo neurri fiskalei buruzko araudiak eta abar.

Bizkaiko Foru Aldundiak lan-egutegi bat ezarri du. Gehienez 18 hilabeteko epea ezartzen da bertan, aurtengo urritik 2024ko apirilera arte. Epe horretan, landu beharreko gaiak eta helburuak zehaztuko dira, horiei buruzko informazioa bilduko da, kasuan kasu solaskide egokiak izendatuko dira, bileren egutegi bat ezarriko da, eta bilerak diseinatuko dira, proposatutako irtenbideetan eta erronketan adostasunak lortze aldera.