Gizon eta emakumeen arteko berdintasunean pauso zehatzak eman ditu eta etorkizunean emango ditu Busturiako Udalak. Bada, oraintsu "bideo bat grabatu da emakumeen testigantzekin, pandemiak emakumeengan eta gizonengan izandako eragin desbardina islatzeko, emakumeen estrategiak edo emakumeen ikuspegia sareetan partekatzeko". Eta datorren urtean nekazaritzako makineria maneiatzeko ikastaroa antolatu da. Bi ekimen baino ez dira berdintasuna lortu arteko bide luzean.

"Gizarte aurreratu, justu eta arduratsua izateko gakoa lehenengo minututik bertatik jardutea da. Horregaitik, Busturian, gure bardintasun-arloaren bidez, herri gisa jarrera indibidual eta globalak hobetzen laguntzeko lan egiten dugu", nabarmendu du Aitor Aretxaga alkateak. "Guztiekiko begirunea duen herri bat, emakumea ahaldunduko dauen herri bat, etxe barruan eta kanpoan egiten dauen lana baloratzen dauena, indarkeriarik eza defendatuko dauen eta aldarrikatuko dauen herri bat. Busturian bardintasuna gura dogu eta horren alde lan egiten dugu". Busturiako Udaleko Bardintasun Saila pozik agertu da "ikastaroaren harreragaz, eta, lortutako arrakasta ikusita, datorren ikasturtean emakumeentzako horrelako espazioak eskaintzen jarraitu ahal izatea proposatu dute". Aretxagaren esanetan, Udalak erantzun publiko instituzionala garatu du Busturiako udalerrian gertatzen diran indarkeria matxistako kasuen aurrean. "Prozesu hau Estatuko Genero indarkeriaren kontrako Itunaren diruarekin egin da, 2021ean", zehaztu du.

Formazioa

Protokoloa lantzeko hainbat formakuntza-saio egin dira emakumeen aurkako indarkeriari buruzko sentsibilizazioa lantzeko eta gaiari buruzko oinarri teorikoa bermatzeko. "Formakuntzak politikariei, Emakumearen Kontseiluari eta udal langileei, finkoak zein aldi baterakoei, zuzenduta egon da. Gainera, Mankomunitateko gizarte zerbitzuekaz, eta aurreko formakuntza saioetan parte hartu dabenekaz lehenengo borradorearen kontrasteak egin dira", diotenez. Protokoloak "Udalaren erantzun integrala eta garbia egitura-tzen" du, emakume baten kontrako indarkeria kasurik balego egin beharrekoak diren izapideak banan-bana identifikatuz.

Formazioa

Gimnasia emozionala. Berdintasun Arloak gimnasia emozionala izenburupeko ikastaroa antolatu du orain gutxi. "Herriko emakumeek pandemia-garaian izandako esperientzia pertsonaletan sakondu ahal izan dute, bai eta bizitza pertsonala eta profesionala uztartzeko izan dabezen oztopo eta zailtasunetan" ere.

Datorren urtean. 2023ko urtarrilerako Busturiako emakumeentzako nekazaritzako makineria maneiatzeko ikastaroa antolatu da. Adierazitakoaren arabera, "ikastaroak 90 orduko iraupena izango dau, 3 ordu egunean, astelehenetik barikura. Interesatuek udaletxera jo dezakete informazio gehiago" eskuratzeko.