Urban Festaren hamaikagarren edizioa ospatuko da bihar Basauri, grafitia ardatz duela. Bei bezala, tailerrak eta zuzeneko musika ez dira faltako. Urban Festa jaialdia Basozelai Gizarte Etxeko patioan izango da, Basauriko Udalak antolatua, ZirtZart gazte zerbitzuaren bitartez, eta Kultur Basauriren lagun-tzarekin. Grafiti arte-lanetan aditu andana batzen dituen eskain-tza horrek hamaika urte bete-tzen ditu aurtengoan, eta ohiko erakusketaz gain, artelanen erakusketa, tailerrak eta zuzeneko musika ere egongo dira.

Goizeko hamaiketan emango zaio hasiera jardunaldiari, grafiti erakusketan parte hartuko duten berrogei bat profesionalen lehen zirriborroekin batera. Eguerdian, monitore adituen gidaritzapean, hainbat tailer egingo dituzte (grafitia “celograff” teknikaren bitartez). Doako eskaintza honetan edonork har dezake parte; hala ere, plazak mugatuak dira. Gainera, egunean zehar Bihurri Dub Sound System musika taldea arituko da espazioa girotzen eta arratsaldean, bostetatik aurrera, Erruki Jauna eta Frakture taldeen zuzeneko ikuskizunez gozatzeko aukera izango du publikoak Basozelai Gizarte Etxeko patioan bertan egingo diren kontzertuei esker.

Arratsaldeko zazpietan hasita, Batalla The Stylos txapelketarekin emango zaio amaiera jardunaldi interesgarri honi. “Binaka jokaturiko lehiaketa honetan, parte hartzaileek denbora tarte laburra izango dute espray potea eskuan hartuta diseinurik erakargarriena margotzeko. Bidean asko geratuko dira eta bakar batek lortuko du garaipena”, azaldu dute antolakuntzatik. Egitarau osoa doakoa da, eta beraz, publikoak ez du inolako sarrerarik ordaindu behar izango. Tailer nahiz zuzeneko emanaldien plazak mugatuak izango dira.

Murala. Jaialdia ospatu aurretik, aste honetan zehar, Carles Redón artista famatu kataluniarra, El Xupet Negre ezizenaz ezaguna dena, herriko musika eskolaren atzealdeko horman (Social Antzokitik ikusgai) hogeita hamar metroko murala margotzen egon da.

“Artista horrek munduko hiri handi batzuetan obrak zein erakusketak egin ditu (Bartzelona, Paris, Berlin, Amsterdam, Los Angeles,…) eta aukera aparta izango da hori gertutik ikusteko. Basaurin zehar orain arte artista ezagunek nahiz hasiberriek egindako lan muralen eskaintzari obra berria gehituko diogu eta, gainera, puntako profesionalek osatuko dute”.