Algortako Torreneko Herritarrei Arreta emateko Bulegoak 'Autozerbitzurako kioskoa' izeneko makina berri bat du. Makina horrekin, Getxoko Udalak herritarrei eskaintzen dion zerbitzua hobetzea du helburu.

Baliabide berri hori lotzen da udal-bulegoetan eskaintzen den aurrez aurreko arretarekin, Call Centerren telefono bidezko arretarekin (94 466 00 00) eta Administrazio Elektronikoaren Bulegoaren telematikarekin (AEB).

Amaia Agirre alkateak adierazi duenez, “makina berri hau instalatzea beste urrats bat da administrazioa herritarrengana gehiago hurbiltzeko eta izapide ofizialen kudeaketa errazteko. Horrela, administrazioaren oinarrizko zerbitzuak modernizatzeko eta hobetzeko planean aurrera egiten jarraitzen dugu”.

NOLA ERABILTZEN DEN

Torreneko HABen sarreran instalatutako makina astelehenetik ostiralera erabil daiteke. Zenbait udal-izapide modu erraz eta intuitiboan egiteko aukera ematen du, besteak beste honako hauek:

  • errolda-agiriak eta errolda-ziurtagiriak lortzea (banakakoak, familiakoak, kolektiboak, historikoak)
  • Udalaren ordainagiriak ordaintzea, “Ordainketa-Gutun”aren bidez
  • edo eskaerak eta komunikazioak aurkeztea Udaleko Erregistro Orokorrean

Interesdunak hiru urrats erraz egin behar ditu: 1) eskatu nahi den izapidea; 2) identifikatu -NANa eskaneatuz edo ziurtagiri elektronikoaz- eta 3) aukeratu dokumentuaren irteera-formatua (e-mailez edo inprimakiz).

“Ordainketa Gutun”aren bidezko ordainketen kasuan, Ordainagiriaren Ordainketa Gutuna izanik, eta identifikatu beharrik gabe, datuak sar daitezke eskuz edo barra-kodeen irakurgailuaren bidez -bankuen kutxazainen antzeko sistemaz-.

Administrazio Elektronikoaren Bulegora sartzeko, ziurtagiri elektroniko bidezko identifikazioa behar da.