Bizkaiko Foru Aldundiak N-636 errepideko lanak amaituko dituela iragarri du larunbat honetan, hirugarren errei bat jartzeko. Zehazki, datorren asteazkenean irekiko da Elorriotik Kanpazarko mendatera doan 1,6 kilometroko tarte hori. Datu ofizialen arabera, obra honek 3,4 milioi euroko inbertsioa ekarri du 2020tik.

Hirugarren erreiak ibilgailu astunak aurreratzeko maniobrak errazten ditu eta segurtasun handiagoa ematen dio bideari, tartearen funtzionaltasuna eta ibilbide-denborak hobetuz. Bi zatietan proiektatu den jarduketarekin ibilgailu arinen kasuan puntako orduetan Kanpazar mendatearen ibilbidea batez beste 4,5 minutuz murriztea espero da (Elorrio-Arrasate/Mongragon norabidean), arintasuna eta ibilgailu astunen aurreratze segurua errazteaz gain.

Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek sinatutako akordioaren ondoren, errepide horrek dituen trazadura-alternatibak aztertuko dira. Zehatzago esanda, eraikuntza-proiektu batek eskatzen dituen parametro guztiak aztertuko dira, ingurumen-inpaktuak, oztopoak, konponbide egokienak eta horrek ekarriko duen inbertsioa barne. Interbiak Bizkaia sozietate publikoak lizitatuko du azterlana, eta Bidegi sozietate publikoarekin batera finantzatuko da, erdibana. Proiektuak 180.000 euroko aurrekontua du eta gehienez 24 hilabeteko iraupena.

N-636 errepidea, Arrasate eta Elorrio artean, Kanpazar mendatea zeharkatuz, Lehentasunezko Sarearen parte da. Errepideak ibilbide luzeko bidaiak bideratzen ditu, eta erabiltzaile askok AP-8 eta AP-1 ordainpeko autobideen alternatiba gisa erabiltzen dute. 14 kilometroko errepidea da eta lanegunetan batez besteko intentsitatea 7.700 ibilgailu ingurukoa da; horietatik % 19,1 ibilgailu astunak dira.