Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta bi urtez jarraian bertan behera utzi behar izan ondoren, bueltan da Ermuko Udalak urtero egin ohi duen Pleno Txikia. Agenda 30 proiektuaren barruan antolatutako ekimen honetan udalerriko ikasleek hartzen dute parte.

Ostegun honetan, ekainak 2, San Lorentzo eta San Pelaio ikastetxeetako 27 haur bertaratu dira Osoko Bilkura aretora, beren proposamenak aurkeztera.

2021/2022 ikasturte honetan, ikastetxeek lehorreko ekosistemetako bizitzaren gaia landu dute. Horretarako, Udalaren, Debabarrena eskualdeko Mankomunitatearen, Ingurugelaren eta Debegesa eskualdeko Garapen Agentziaren laguntza izan dute. Ekimenak, gainera, Eusko Jaurlaritzaren babesa du.

Ikasleek hainbat jarduera egin dituzte ikasturtean zehar, lehenik egungo egoeraren diagnostikoa egin ahal izateko. Pleno Txikian lan horien ondorioak aurkeztu dira, baita Ermuko lurreko ekosistemaren inguruan haurrek egin dituzten proposamenak ere. Era berean, ikasleek konpromiso batzuk hartu dituzte.

Udalari egindako ekarpenen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Eskola-umeentzako txango naturalak antolatzea ingurumen-tailerren barnean, hiri-ingurunean ditugun espazio natural eta esanguratsuak ezagutu, baloratu, gozatu eta zaintzeko.
  • Ikastetxeko berdegunea garbitzea, desinfektatzea eta egokitzea, haurrek naturagune gisa erabiltzeko.
  • Basoen jabeei zuhaitz autoktonoak landatzea bultzatzea, laguntza ekonomikoekin.
  • Txorientzako egurrezko babeslekuak edo habiak jartzea herriko hainbat tokitan. Hala, espezie batzuek habia egin ahal izango dute, natura-ingurunea hondatuta egon arren.

Saioa streaming bidez emititu da zuzenean, eta laster ikusi ahal izango da webgune korporatibo honetan eta Udalaren YouTube kanal ofizialean.

ESKOLAKO AGENDA 30 DEBABARRENAN

Debegesa Eskualdeko Garapen Agentziak duela 20 urtetik bultzatzen eta koordinatzen du Eskolako Agenda 30 Debabarrenan, udalekin eta Ingurugelarekin lankidetza estuan. Hezkuntza-komunitateari zuzendutako ingurumen-hezkuntzako programa honek hainbat helburu ditu:

  • Ikastetxeak ingurumen- eta gizarte-arloko jardunbide egokien eredu bihurtzea.
  • Inguruko gizarte- eta ingurumen-arazoak identifikatzeko eta horiei irtenbidea emateko gai den ikasleria prestatzea.
  • Kultura parte-hartzailea eta ingurunearekiko errespetuzkoa sortzeko heztea.

Proiektuan eskualdeko 25 ikastetxek eta 8.000 ikaslek baino gehiagok hartzen dute parte. Proiektua asmo handikoa da eta hezkuntza-komunitate osoari zuzendutako ekintzak biltzen ditu: irakasleak, ikasleak eta familiak.