Mungiak Aste Berdea 2022 ospatuko bihartik larunbatera. Programak hainbat jarduera eta tailer mota eskaintzen ditu mungiarrak ingurumenaren zaintzaz kontzientziatzeko, beste helburu batuen artean. Igandean ospatzen den Ingurumenaren Nazinoarteko Eguna dela eta, Mungiak jardueraz betetako aste bat antolatu du.

Ekimenaren helburu nagusia “aurrean dugun ingurumen eta klima-erronkari buruz kontzientziatzea da, eta, horretarako, lur planetarekin eta horretan eragina daukaten klimaren faktoreekin erlazionatutako hainbat jarduera eskaintzan dira”, azaldu zuen Alaitz Erkorekak, Lurralde eta Ingurumen Saileko alkateordeak. “Herritarren kontzientziazioan eragiten jarraitu behar dugu. Gure esku dago belaunaldi gazteenei utziko diegun ondarea, eta, batez ere, gure esku dago egiten dugun ekintza bakoitza zein garrantzitsua den, ingurumenean dauzkan ondorioak, ulertaraztea. Gaur egingo duguna da bihar izango duguna”, aipatu zuen.

Egitarauari dagokionez, hainbat jarduera antolatu dira. Horrela, egitarauari hasiera emateko Klima aldaketa, errealidade kezkagarria berbaldia emango du Ekobideak-ek bihar eguaztenean, arratsaldeko 19:00etan, Udaletxeko erakusketa aretoan. Sarrera librea egongo da edukiera bete arte. Hurrengo egunean, ekainaren 3an, Lurzoruak ezkutetan dauena eta Estazino meteorologikoak tailerrak emango dira Matxin plazan. Tailer horietan, udalerriko umeek ikasteko aukera izango dute, “ingurumenaren zaintzarekin daukien harremana estutzen daben bitartean”.

Gogorarazi behar da ikasturte osoan zehar ikastetxeek 2030eko eskola-agendagazko kontzientziazio eta sentsibilizazio-jarduerak egiten dituztela. “Aste Berdea 2022” amaitzeko, ekainaren 4an, larunbatean, Mungiako landare basatiak ezagutzeko ibilaldi etnobotanikoa egingo da, herritar guztientzat zabalik egongo da jarduera hau. Ibilbidea 10:30ean hasiko da Matxin plazatik abiatuta. Gainera, aste osoan zehar udaletxeko fatxada kolore berdez argiztatuta egongo da. Gainera, astean zehar hainbat jarduera izango dira, gero eta gehiago normalizatzen ari baita egoera, eta Mungia pandemiaren aurreko bere jarduera kultural eta soziala berreskuratzen hasi da. Horrela, bihar Raquel Mateoren De Río a Tokio dokumentala aurkeztuko da. Ostiralean Grafitia Sortzen I tailerra egingo da eta 19:00etan Udaletxean Gure Kantak saioa izango da. Hilaren 4an arrantza txapelketa ospatzen da eta errugbi taldeak lagunarteko partidak antolatu ditu Atxurizubin. Dantza Eskolak antolatutako dantza alardea ere izango da, igandean errepikatuko dena. Egun horretan txirrindulari lasterketa bat ere izango da.