Ostegun honetan hasiko da Leioako Umore Azoka eta 90 emanaldi baino gehiago eskainiko dira udalerriko 18 puntutan lau egunetan zehar. Hain zuzen ere, 40 konpainia izango dira Leioako kaleei antzerki-ukitua emango dietenak azokaren hogeita bigarren edizioan.
2020an atzeratu eta 2021ean dataz aldatu ondoren (irailean ospatu izan behar baitzen), Euskal Herriko Kale-artisten Azoka nagusia, Estatu-mailan garrantzitsuenetarikoa, inoiz baino indar gehiagorekin itzuli da. Hala, Euskal Herriko (19 guztira), Estatuko (16) eta nazioarteko (5) konpainia nagusien azkeneko obren estreinaldiak eskainiko ditu. Ezinbesteko ekintza da sektoreko programatzaileentzat, profesionalentzat eta publiko orokorrarentzat, beraz.
Leioako Umore Azokaren hogeita bigarren edizioan honako konpainia hauen obrak azalduko dira: Michele & Francisca (Txile-Italia), Eccentrici Dadaró (Italia), Coraçao Nas Mâos (Portugal), To R Mansion (Japonia) eta Das Arnak (Frantzia). Guztiak lehen aldiz estreinatuko dira estatuan.
Beste komunitateetatik iritsiko dira Kanbahiota (Madril), Botproject / Lucas Ruiz, Maduixa, Xa! Teatre, Circog y Visitants (Valentzia), Círculum (Gaztela-Mantxa), Elelei, Pla' D'annunzio y Les Spectacles del 23 (Katalunia), Truca Circus y La Víspera (Andaluzia), La Mecánica (Balearrak), Click About It (Gaztela eta Leon), Nova Galega de Danza eta PistaCastro & Cia. Duelirium (Galizia).
Leioa bisitatuko duten euskal konpainiak honako hauek dira: Dantzaz (dantzariak publikoaren artean eta tabernetan sartuko dira Dantzapoterekin), Deabru Beltzak (Symfeuny antzeztuko du larunbat gauean), Hika Antzerki Taldea (gazteek sortutako eta gazteei zuzendutako ikuskizuna), Trakamatraka (chef rockzale baten kontzertua), Harrobia Dantza (Oreka Tx-ren txalapartaz lagundutako dantza bertikala), Cía Eva Guerrero (dantzari borrokalarien arteko ring gaineko borroka dibertigarri zein aldarrikatzailea), Zanguango Teatro (moldeak suntsituko dituen ibilaldi esperimentala), Markeliñe Teatro (Psiken buru baten barruan dagoen pertsonaia aurkeztuko du), Jokai (euskal mitologian oinarritutako jokoak), Ertza (Asier Zabaletak zuzendutako Mozambikeko bi dantzariren obra aurkeztuko du), Orain-Bi (zirku-emanaldiak), Cía Barsanti (Akabo! estreinatuko du, suizidioari buruzko obra ausarta), Maitane Sarralde (Desªnuda obran dantza garaikidea dantzatuko du, airean esekita), La Trapecionista Kia (aire-dantza biolontxelo musikaz lagundua), La Pez (zirkuko eta antzerkiko proposamen originala), Demode laukotea (kaleen zehar ibiliko da kuatrizikloan, a capella musika dibertigarria abesten doan bitartean), Rouge Elea (aire-zirkoaren, dantzaren, musikaren eta objektuen arteko nahasketa), Erre Produkzioak (Grimm anaiei omenaldia egiten dien obra) eta Jon Zabal eta bere mentalismo-saioak.
Programa paraleloa
Azoka izanik, sektorea dinamizatzea Umore Azokaren parte oso garrantzitsua da. Leioatik 220 profesional inguru igarotzea espero da, bai Euskal Herrikoak zein Estatukoak eta bestelako herrialdetakoak. Beren gune propioak izango dituzte harremanetan jartzeko, erakundeen bilerak eta batzarrak antolatuko dituzte, eta plataforma eta ekimen berriak aurkeztuko dituzte. Esparru berean hainbat saio prestatu dira, konpainiek beren sorkuntza-obren proiektu berriak programatzaileei erakutsi diezaieten, hurrengo denboraldirako prestatzen ari direnaren aurrerapen gisa.
Eta, beti bezala, ostiral eguerdian Mendibile Jauregian Harrera Ofiziala egingo da, eta 2019ko Umore Azokako sariak eta 2022ko Umore Azokako Sari Berezia banatuko dira. 2019ko sariak ezin izan ziren banatu hurrengo edizioan bertan behera geratu bait zen, ezta iazko edizioan ere, Harrera ez zen egin-eta.