Ermuko Udalak aste honetan iragarri ditu liburutegiak antolatzen duen rap lehiaketako irabazleak. Hain zuzen ere, Traiciones abestiak eman die saria Odei Ponce eta Oier Tomas San Pelaio ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasleei. Jakinarazi dutenez, saria abesti hau grabatzean datza, eta dagoeneko Udalaren webgunean entzun daiteke.

Bi gazteek konposatu dute kantua, eta Iparralden bizi den Odei Barroso rap kantari eta bertsolariaren laguntzarekin editatu dute. Liburutegiak antolatutako eta urrian eta azaroan herriko hainbat ikastetxetan eman diren rap hastapeneko tailerrak dinamizatzeaz arduratu da Barroso, lehiaketaren deialdia egin aurretik.

Rap hastapeneko tailerrak bi saiotan egin dira, eta horien helburua estilo horretako musika-konposizio baten ezaugarriak barneratzea da, baita hizkuntza musikal honek eskaintzen dituen hitzekin, idazketarekin, sorkuntzarekin eta emozioak adierazteko aukerarekin jolastera animatzea ere. Euskararen potentziala ere erakutsi nahi izan da, adierazpen artistiko mota honetarako hizkuntza egokia baita. Tailerrak San Pelayo Ikastetxean, Ermua BHIn eta Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan egin dira.

Atal teorikoaren eta lan praktikoaren ondoren, lehiaketa antolatu da, eta zortzi konposizio aurkeztu dira bertara. Lehen saria aipatutako Traiciones abestiak irabazi du, eta Yuri Aristorena OLHUI Ermua-Mallabiko ikaslea finalista izan da, Dile que no soy el malo kantuarekin.

Irabazleentzako saria abestia grabatzea izan da, eta emaitza lerro hauen azpian entzun daiteke.