Gaur egun, hilean 253 euro ordaintzen ditu Gasteizen lan egin eta Bilbon bizi den norbaitek. Bada, urriaren 1etik aurrera, pertsona horrek 85 euro besterik ez ditu ordainduko, egun horretatik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak AP-68 autobideko ibilbideak diruz lagunduko baititu.

Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko diputatuak iragarri duenez, datorren astean hasiko dira AP-68ko ibilbideetara mugatuko den dirulaguntzen dekretua izapidetzen, eta AP-8rako, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbiderako eta Artxandako tuneletarako dagoen gastu-mugatik independentea izango da.

"AP-68 autobidean gastu-muga ezartzea errealitatea izango da. Urriaren 1etik aurrera, alta emanda daudenek eta Interbiak-en erregistratzen direnek hilean 34,55 euroko gastu-muga baliatu ahal izango dute AP-68 autobidean, Bizkaian, eta 50,54 eurokoa hilean, Arabako tartea erabiltzen badute", Pradalesek zehaztu duenez.

Gastu-mugak Bizkaiko erabiltzaile egoiliarrentzat izango duen eragina azaldu du diputatuak. "Neurri horrek eragin zuzena izango du AP-68 autobidea joan-etorrietan lanerako, ikasketetarako eta abarretarako erabiltzen duten pertsonen poltsikoetan.. Adibidez, Gasteizen lan egin eta Bilbon bizi den norbaitek 253 euro ordaintzen ditu hilean, eta neurri horrekin 85 euro gastatuko ditu. Kasu horretan, 2.000 euro inguru aurreztuko dira urtean. Gainera, Bizkaian berdintasuna eta lurralde-oreka sustatzen duen neurria da. Gure ustez, gastu-mugaren araberako dirulaguntzen urteko zenbatekoa 5 milioi eurokoa izango da, eta dirulaguntzok Bizkaian bizi diren 18.000 erabiltzailerentzat izan daitezke", aurreratu du.

Betekizunak egungo gastu-mugarako berberak dira: Bizkaian bizi eta pertsona fisikoa izatea, bidesariak ordaintzeko OBE edo VIA-T bat izatea eta matrikula bakar bati lotuta edukitzea. Puntu hori garrantzitsua da, ibilgailu baten gastu-mugari etekina ateratzeko bakarrik egon daiteke alta emanda sisteman. Gainera, joan-etorri mistotzat jotzeko eta Arabako tarteak barne hartzen duen gastu-mugaz baliatzeko, bidaiak Bizkaian izan behar du jatorria edo helmuga. Eta, jakina, sisteman alta ematea, bai Interbiak-eko bulegoetara joanda, bai modu erosoan web-orriaren bidez, bide telematikoz, www.interbiak.bizkaia.eus helbidean. Puntu horretan, diputatuak argitu du bere garaian Interbiaken alta eman zuten pertsonak, AP8, Supersur eta Artxandako Tuneletan gastu-muga baliatu ahal izateko, ez direla berriro erregistratu behar, eta automatikoki alta emango zaiela AP-68rako gastu-muga berrian.

Imanol Pradalesek azaldu duenez, AP-68 autobidearen erabiltzaileentzako berariazko gastu-muga bat sortzeko erabakia foru erakundearen borondateari erantzuten dio, gai konplexua baita, enpresa pribatu batek ustiatzen duen azpiegitura bat delako, eta argitu du Bizkaiko Foru Aldundiak ez dituela kobratzen AP-68 autobidetik datozen bidesariak. "Nolanahi ere, Bizkaiko Foru Aldundiak 2020ko otsailean Batzar Nagusiek onartutako ibilbide-orria bere egiteko konpromisoa hartu zuen. Eta gaur egun iragarri dezakegu AP-68 autobidea erabiliko luketenek gastuaren muga-sistema bat baliatu ahal izango dutela, AP-8, Supersur eta Artxandako tunelen erabiltzaileek egiten duten bezala, urtea amaitu baino lehen", ziurtatu duenez.

Ibilbide-orri horren ondorioz, lehenik eta behin batzorde tekniko bat sortu zen administrazioen arteko funtzionamendu-araubidea arautzeko, AP-68 Bilbo-Zaragoza autobidea 1973an eraiki zenetik ustiatzen duen enpresa pribatuaren emakida indarrean dagoen bitartean. Enpresa AVASA da, eta emakida ez da 2026ko azarora arte amaituko.

* 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, AP-8, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarra eta Artxandako Tunelak erabiltzeko gastuaren muga hilean 34,55 eurokoa da Bizkaian, eta hilean 50,54 eurokoa AP-8 eta AP-1 autobideak erabiltzen dituzten bizkaitarrentzat Gipuzkoan eta Araban.