Bizkaiko entsegu batek basa-lupulua hautatuko du 0 kilometroko garagardoa ekoizteko
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Zallako Aleovitro enpresa bioteknologikoak saiakuntza bat jarriko dute abian. Saiakuntza horrek inguruko lupulu-mota desberdinak hautatuko ditu, laborantzarako egokiak diren zehazteko. Helburua da Euskal Autonomia Erkidego osoko garagardo eta sagardo ekoizleek % 100 kilometro 0 produktuak sortzea.
Hitzarmen honen bidez Frutagintza Estazioak 500 metro karratu inguruko laborantza-azalera eskaintzen du bi motatako landaketak egiteko: alde batetik, hasieran hautatutako lupulu-mota bakoitzeko bost landare, eta, beste alde batetik, lupulu-ekoizleek mundu mailan erabiltzen dituzten landare horietako barietate malguenetako eta erabilienetako beste bost (nugget, cascade, chinook eta centennial). Horri esker garagardo-ekoizpenean erabiltzeko egokienak diren basa-barietateak aukeratzeaz gain, konparazio bat egin ahal izango da basa-barietateen eta garagardo-sektoreak eta sagardo-ekoizleek maizen erabiltzen dituztenen artean.
Zallako Frutagintza Estazioko langileak arduratuko dira datozen bi urteetan labore horiek mantentzeaz; landare horiek Aleovitro enpresak hornitu ditu. Bioteknologiako enpresa hau kimiotipoen aurrehautaketaz arduratu da (morfologiagatik berdinak diren landareak, baina propietate kimiko erabat desberdinak dituztenak); halaber, enpresa horren erantzukizuna da salbuespenik garrantzitsuenak biltzea in vitro modu fidel eta seguruan hedatzeko, patogenorik eta gaixotasunik gabe, landare-material horren kalitatea oso adierazgarria izan dadin.
Hitzarmenaren arabera, halaber, saiakuntzaren emaitzak sektore ekoizlearekin partekatu ahal izango dira esperientzia honen azken helburua lortzeko: garagardoaren eta sagardoaren ekoizpena % 100 0 kilometro izaerakoa izatea.
Aleovitro S.L. 2014an sortu zen diziplina anitzeko lankidetza baten ondorioz, nekazaritza-ingurunean sektore kimiko eta biologikoen garapena sustatzeko. Punta-puntako enpresa da, eta oso espezializatuta dago in vitro landareen hedapena ikertzen eta desagertzeko arriskuan dauden espezieak berreskuratzen. Enpresak BIC Bizkaian du egoitza, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako inkubagailua, bio-mikro-nano teknologietan, manufaktura aurreratuan eta teknologia garbietan espezializatuta dagoena. Azken erakunde horrekin, aldi berean, Genista Legionensis espeziea kontserbatzen laguntzen du, Mendikate Kantauriarreko zuhaixka endemikoa dena.