Udal Gobernuaren helburu estrategikoetako bat da Bermeo garbi bat izatea. Eta horretan dihardute. Oraingoan, herriko txokotan garbiketa-lan bereziak egiten ari dira. “Gure helburua da Bermeo ahalik eta garbien mantentzea. Herria garbi mantentzeko herritarrok zaindu behar dugu, baina udal modura gure betebeharra da ahalik eta errekurtso gehien garbiketa lanetara bideratzea”, Hala azaldu du Aritz Abaroa alkateak.

“Oraingoan, sakoneko garbiketak burutzen gaude herriko hainbat tokitan. Hori posible izateko eta modu arruntean garbitu ezin diren guneak garbitzeko (lurzorua, bide-ertzak, edukiontziak eta hauen ingurua...), kale batzuetatik une jakin batzuetan herritarrei euren ibilgailuak mugitzeko eskatuko diegu eta edukiontziak ere altxatu eta mugituko ditugu. Momentuko eragozpen hauek guztion onurarako izango dira”, adierazi du Abaroak.

Lan hauek Bizkaiko Jaurerria kalean hasi ziren pasa den astean eta hurrengo asteotan, besteak beste, erdigunean -Atalde eta Akurio Kontramaisu kaleetan, zehazki- egingo dira. Gainera, alde zaharrean, goizeko ohiko garbiketez gain, arratsaldero hidrogarbigailuarekin garbiketa lan bereziak burutuko dira hurrengo hilabeteetan zehar.