Urtero bezala, herritarren artean euskararen erabilera sustatzea Getxoko Udalaren erronka nagusienetariko bat izaten darrai. Horretarako, Udalak ezagutzera eman ditu herrian euskara sustatzen jarduten duten elkarteek jasoko dituzten dirulaguntzak.

Hain zuzen ere, Bizarra Lepoan Euskara Elkarteak 82.800€ jasoko ditu Gehitu Kultura eta Gehitu Kirola egitasmoak jarraitzeko eta dinamizatzeko, (euskararen erabilera indartzeko kultur eta kirol esparruetan hurrenez hurren), eta Bapiruke ekimenaren barruan umeentzako aisialdiko jarduerak antolatzeko, besteak beste. Hiruka kooperatibak 64.601€ edukiko ditu aldizkaria eta atari digitala argitaratzeko gastuetan laguntzeko; ALBEk 52.000€, bertsolaritza zabaltzeko eta bertso jaialdiak antolatzeko, eta Egizu elkarteak 42.000€, euskara ikasten ari diren getxotarren artean euskararen erabilera indartzeko. “Badakigu azken urtean ere koronabirusaren eragina nabarmena izan dela eta elkarteen jarduna baldintzatu duela. Urteroko diru-laguntzekin euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko konpromisoa erakutsi nahi dugu berriro baita elkarteekin eta gizarte eragileekin elkarlanean aritzeko ere”, aipatu du Irantzu Uriarte Euskara zinegotziak.

BIZARRA LEPOAN

Euskararen erabilera sustatzeko Udalak elkarteekin sinatutako hitzarmenei dagokienez, iaz bost gehiago batu ziren Gehitu Kultura hitzarmenera, guztira 66 izanik, eta beste 44k bere konpromisoa mantentzen dute Gehitu Kirolarekin. Umeen aisialdiaren barruan antolatutako tailerretan, irteeretan edo udalekuetan 409 umek hartu zuten parte Bapiruke ekimenean 2021ean. Gainera, jai batzordeei eta bestelako elkarteei euskarazko eskaintza handitzeko baliabideak (itzulpenak, aholkularitza, motibaziorako gomendioak… eskaini zizkien Bizarra Lepoan elkarteak. Horiekin jarraitzeaz gain, aurten Bizkaiera eta Getxoko bizkaiera ikasteko ikastaroa ere antolatuko da.

HIRUKA

Uribe Kostako 100.000tik gora euskalduni zerbitzua ematen dien Hiruka kooperatibak 12 zenbaki (9 ohikoak eta 3 bereziak) argitaratu zituen iaz, guztira 60.000 ale. Horietatik Getxon 27.500 ale banatu ziren. Bestalde, atari digitalak 207.540 bisita eta 69.167 erabiltzaile izan zituen.

2022an ere 12 zenbaki argiratuko ditu, bakoitzeko 5.000 alerekin, eta horietatik 2.500 Getxon banatuko dira.

ALBE

ALBE, Algortako Bertso Eskolak koronabirusak sortutako zailtasunak zailtasun bertsozaleak erakartzea lortu zuen 2021ean, antolatutako saioetan 1.173 ikusle batzea lortzen. Urtero bezala, aurten aurrera eramango dituzten jardueren artean Bertsoz Bertso egitasmoa, Abra Sariketa, bertso afariak, Balkoitik Balkoira, Hitzaren Dantza, ALBE gala eta Bertso Eskola izango dira.

EGIZU

Egizuk antolatutako ekitaldietan apurka apurka pandemiaren aurreko kopuruetara itzultzen ari da. Iaz guztira 2.000 bat lagun inguru ibili ziren antolatutako ekimenetan (Berbalaguna, Kultur jarduerak, Gazte Saltsa, Literaturari lotutako jardueretan, Berbodromoan…) eta aurten horietan lanean jarraituko dute.