Txernobylgo zentral nuklearretik gertu dauden Bielorrusiako herri txikietako bizimodua nolakoa den azaltzen duen argitalpena aurkeztu berri du Sestaon jaiotako Iñaki Izquierdo Muxika argazkilariak. 'Chernóbil, la amiga invisible' izeneko aldizkari honek 72 orrialde ditu.
Egilearen begirada pertsonalak Europako eskualde pobre eta basatienetako bat erakusten digu. Gainera, istripu nuklearraren erradiazioak bertan eragindako hondamena gutxi balitz bezala, eremua suntsitu duten arazo ekonomiko eta sozial larriek eragin berezia izan dute haurrengan, horietako asko umezurztegietan abandonatuta edo aitona-amonen etxean bizitzen amaitzen baitute.
Egileak bost aldiz bidaiatu du bertara 2013tik lan honi forma emateko. Txernobyldik datozen adingabeen harrera sustatzen duen elkarte baten bidez, Iñaki Izquierdok aukera izan du familiekin beren etxeetan bizitzeko, haien ohiturak ezagutzeko eta bizimodua partekatzeko. Esperientzia hori kontatzeko, dozenaka irudi zirraragarriz aberastutako argitalpen honek XXI. mendean, oraindik ere, sobietar erregimenean ainguratuta dirudien eskualde baten gainbehera erakusten digu.
Egileak hauxe dio: “Han zaudenean, badakizu erradioaktibitatea existitzen dela, baina ez zaude horrekin etengabe kezkatuta. Beraz, lan horretan ez naiz zentral nuklearraz arduratu, ez naiz istripuaz arduratu, kaleko egunerokotasuna islatzeaz bakarrik arduratu naiz”. Argazkilariaren deskribapenaren arabera, Bielorrusiako inguru hori “etorkizun eta ilusiorik gabeko lekua da eta bertakoek amore eman dute bizitzaren aurrean”.
72 orrialdeetan zehar, Iñaki Izquierdok lur horietara egindako bidaietan aurkitu dituen arazo nagusiak xehatzen joan da. Garrantzitsuenetako bat biztanleei etorkizun duina eskainiko dien jarduera ekonomikorik eza da; eta, horren ondorioz, gizon askok Errusiara emigratu dute lan-aukeren bila, gainerako familia eskualde horretan utzita. Herrien isolamendua, azpiegitura falta eta biztanleriaren alkoholismo arazo larriak ere azalduko dira argitalpenean zehar.
Iñaki Izquierdoren hitzetan Chernóbil, La amiga invisible, , helburu solidarioekin jaio den argitalpena da: inguru honetako egoerari ikusgarritasuna ematea, kontzientziak mugitzea eta Txernobylgo neska-mutilen harrera sustatzea. Prentsaurrekoan zera adierazi du: “Helburua da Txernobyldik haurrak ekartzen dituzten elkarteek argitalpen hau izatea, eskualde honetako bizitza nolakoa den oso modu grafikoan erakusteko,egiten dituzten azoka eta ekitaldietan erabiltzeko eta familiak haurrak hartzera animatzeko”. Horregatik, argitaratu diren 4.000 aleetatik gehienak Txernobylgo adingabeen etorrera sustatzen duten elkarteen artean banatuko dira. Hala ere, bi urteko pandemiaren ondoren berriz ere hastekoa zen harrera hori egin ahal izango den jakiterik ez dago, Ukrainan, Errusian eta Bielorrusian gaur egun dagoen gerra-egoera dela eta.
Sestaoko Udaleko Kultura Arloak diruz lagundu du lan honen argitalpena diru-laguntzen azken deialdiaren bidez.