Mungialdeko Mankomunitatearen Mendekotasun Plan berria aurkeztuko dute otsailaren 23an Mungiako Torrebillela kultur etxean. Planak datozen bost urteetan garatuko diren jarduerak jasotzen ditu, eta kontuan hartu ditu gazteen eta herritarren ekarpenak, bai eta elkarte, familia, irakasle eta gizarte-eragileenak ere. Gizarte Zerbitzuen Mungialde Mankomunitateak, Arrieta, Bakio, Gamiz-Fika, Laukiz, Meñaka eta Mungia udalerriak biltzen dituenak, 2022-2026 aldirako Adikzioen VI. Plana onartu du.

Bertan, datozen bost urteetan adikzioen prebentzioaren arloan garatuko diren jarduerak jasotzen dira eta datorren asteazkenean, otsailaren 23an, aurkeztuko da, 18.00etan, Torrebillelan. Ekitaldian Bakarne Egia izango da, Mankomunitateko lehendakaria eta Mungiako Udaleko Gizarte Ekintza, Berdintasun eta Gazteriaren arloko zinegotzia, eta egindako diagnostikoaren ondorio garrantzitsuenak aurkeztuko dira. Parte hartzeko interesa dutenek izena eman beharko dute prebentzioa@mungialde.eus helbide elektronikoan edo telefonoz (944047707).

Plan honen helburua “adikzioen gaiari erantzun bat ematea da, eta lantzea bai drogen kontsumoarekin zerikusia dutenak, bai substantzien kontsumorik ez dakarten bestelako erabilera problematikoak (sare sozialak, online jokoa, kirol-apustuak, teknologia berrien erabilera desegokia), prebentzioaren beharra indartuta, hainbat ekintzaren bidez”, azaldu dute Mankomunitatetik.

Ekintza horien hartzaile nagusiak “umeak, gazteak, ikasleak, familiak eta herritarrak izango dira. Aurreko planek bezala, plan honek ere prebentzioaren eta osasunaren sustapenaren aldeko apustua egingo du batez ere” eta era berean, jarraibideak eta konponbideak eskaintzeko apustua egiten du..

Adikzioen Prebentzio Zerbi-tzuak Ortzadarren laguntza teknikoarekin garatutako Plan berria idatzi aurretik, “aurreko planaren ebaluazioa egin da, bai eta arlo horretako errealitatearen diagnostikoa ere, metodologia parte-hartzailearen bidez, programa berriak diseinatzeko balioko duten ekarpenak bilduz, horiek beharretara hobeto egokitzea bilatuz eta esku-hartzeen eraginkortasuna indartuz”. Errealitatearen azterketa 2020an egin zen, Mankomunitateko udalerrietako politikarien eta teknikarien parte-hartzearekin, bai eta elkarteen, familien, irakasleen eta beste gizarte-eragile batzuen ordezkaritzarekin ere.

Parte-hartzea

Gainera, eskualdeko ikastetxeetako Bigarren Hezkuntzako 1. mailatik Batxilergoko 2. mailara bitarteko ikasle guztiak eta Heziketa Zikloetako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasle guztiek (442 nerabe eta gazte guztira) bete zuten galdetegi bat egin zen. Horrez gain, “23 elkarrizketa egin zitzaizkien hainbat agenteri.

Azkenik, herritarren iritzia bultzatzeko, WhatsApp bidezko inkesta bat eta telefono-deiak egin zitzaizkien udalerrietako bizilagunei, eta 167 pertsonaren erantzunak jaso ziren”. Beraz, aldez aurreko ikerketa beharrezkoa duen plana da, eta adikzioetatik sortzen diren arazoei erantzuteko balioko duena. Gainera, adin desberdinetako pertsonek parte hartu dute balizko arazo horren errealitatea ezagutzeko.

Datozen bost urteetarako balioko duen plana da, eta gazteentzako irtenbide baliagarriak izango ditu. Horrela, plan berriak datozen bost urteetan garatuko diren jarduerak jasotzen ditu.