Garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin, indarrak batu egin dituzte Bizkaibusek eta OLBE Bilbao Operak, 'Bizkaibusek operara hurbiltzen zaitu' leloa daraman kanpaina sortuz.

Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak eta OLBE Bilbao Operak Bizkaiko gazteen artean garraio publikoaren erabilera eta opera-zaletasuna sustatu nahi dituzte eta, aldi berean, gazteak sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi dituzte mugikortasun jasangarriaren arloan konpromiso pertsonala hartzeak duen garrantziaz.

Miguel Ángel Gómez Viarrek, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak eta Juan Carlos Matellanesek, OLBE Bilbao Operako presidenteak, sinatu dute akordioa.

Miguel Ángel Gómez Viar diputatuak adierazi duenez "laugarren aldiz jartzen dugu abian hasieran proposatutako helburu bikoitzean bere balioa erakutsi duen akordioa: gazteenek Bizkaibus zerbitzuari buruz duten ezagutza areagotzea eta operarako zaletasuna eta gustua sustatzea. Gonbidapen horiek lortzea mugikortasun jasangarriaren arloan jakin-mina piztu eta sentsibilizazioa eta kontzientziazioa sustatzea helburu duen jarduera parte-hartzaile batekin lotu dugu Bizkaiko haurren artean Bizkaibusera hurbiltzea laguntzeko."

Juan Carlos Matellanesek, OLBE Bilbao Operako presidenteak, adierazi duenez "berriro ere Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen honek aurreko hiru edizioetan lortutako arrakasta berrestea espero dugu eta, horrela, kultura-jarduera berezi bat sustatzen jarraitzea, inolako zalantzarik gabe gizarte osoaren onerako, batez ere txikienen eta gazteen onerako, dena. Azken edizioan gonbidapenak ordu gutxitan agortu ziren, eta espero dugu oraingo honetan ere arrakasta bera izatea."

ZER DA ZURETZAT GARRAIO JASANGARRIA?

Ekimenak, besteak beste, 2022an OLBE Txikiren Arriaga Antzokiko denboraldietan taularatuko diren hiru tituluetara hurbilduko ditu 12 urte edo gutxiagoko haur bizkaitarrak. Zehatzago esanda, XVII. Denboraldian Bost Axola Bemola izango da martxoaren 13an eta 14an, eta Allegro Vivace maiatzaren 14an eta 15ean. XVIII. Denboraldiari dagokion hirugarren titulua ekainean iragarriko da.

Parte hartu eta operara joan nahi duten haurrek euren buruaren argazki bat egin beharko dute. Argazki horretan galdera honi erantzungo dion folio batekin agertuko dira: "Zer da zuretzat garraio jasangarria?". Marrazki bat margotu daiteke, ideia bat hitzez adierazi, kollage bat egin…, hau da, irudimena estimulatzen duen eta folio horren barruan adieraz daitekeen edozein gauza.

Argazkia OLBEren webgunean dagoen postontzi digital batera igoko da, formulario sinple baten bidez. Martxoan eta maiatzean programatutako operetara joateko sarrerak banatuko dira eta jasotako irudiak Arriaga Antzokiko foyerrean jarriko dira ikusgai, photocall batean, emanaldiak eskaintzen diren egunetan.

Ekimen hori lurraldeko hainbat irratiren bidez eta sare sozialetan zabalduko da martxoaren 1etik aurrera. Era berean, eta "Bizkaibusek operara hurbiltzen zaitu" programa sustatzeko, hainbat komunikazio-jarduera, kartel, prentsa-iragarki eta kanpoko euskarri egingo dira.

EKIMENA ZABALDU EGITEN DA 25 URTERA ARTEKO GAZTEAK INPLIKATZEKO

Edizio honetan, Gazteam OLBE komunitatearen bitartez, 25 urte arteko gazteak sartzen dira programan. Kulturaren bidez gazteek garraio publikoarekiko duten loturan jarrera-aldaketa bultzatzea da helburua.

Bozgorailu bihurtzeko duten gaitasunagatik gazteak oso kolektibo garrantzitsua dira mugikortasun jasangarriaren inguruan kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko eta ingurumen-irtenbideak bilatzen lagunduko duen konpromiso pertsonala hartzeko.

Gazteam OLBEren webgunearen eta sare sozialen bidez plataforma horien jarraitzaileak gonbidatuko dira kanpainan parte hartzera, denboraldiko operez gozatzeko. "Bizkaibusera hurbiltzeak saria du" lelopean, interesdunek bideo bat grabatu beharko dute Bizkaibuseko autobus edo markesina batean, garraio jasangarriak gure gizartearentzat duen garrantzia azalduz, Gazteam sareetara igotzeko.

"Like" gehien jasotzen dituzten bideoek operak hauek ikusteko sarrerak irabazi ditzakete: La voix humaine eta Eine florentinische Tragödie otsailean, Alzira apirilean eta Madama Butterfly maiatzean, Bilboko Euskaldunan. Urriko eta azaroko tituluak laster iragarriko dira.