Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintza Garapen Agentziak ekintzaileei zuzendutako formakuntza eskainiko du otsailaren 21etik 28ra bitartean. “Enpresa berria abian jartzeko asmoa duten edota urritik aurrera martxan jarri zuten enpresaburuei zuzenduta dago, 30 ordukoa izango da eta online bidez eskainiko da”, jakinarazi dutenez. Ikastaroa, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak homologatuta dago.

Oinarrizko Enpresa Kudeaketa izena duen ikastaroan honako gaiak landuko dira, besteak beste: ideiaren analisia eta balorazioa, negozio eredu desberdinak, izaera juridikoak, eraketa eta hastapen izapideak, marketing tresnak, ekonomia eta finantza plana, zergak eta likidazioa, inbertsioen finantzaketa, diru-laguntzak, enpresaren gizarte-erantzukizuna edota teknologia berrien erabilera. “Halaber, ikastaro hau gaindituta izatea Aldundiak ematen duen Enpresak Abian Jartzeko eta Sortzeko Laguntza jasotzeko derrigorrezko eskakizuna da”, gaineratu dute. Informazioa eskatzeko edota izena emateko Behargintzarekin harremanetan jarri beharko da, Zubiaur tar Kepa kaleko lokalean edota 94 617 91 90 telefonoan.