Bizkaiko Foru Aldunduaren webguneak atari berri bat du. Sail berri honetan, erabiltzaileek klima-aldaketak Bizkaian duen eraginari buruzko informazio espezifikoa aurkitu ahal izango dute.

Atariak hainbat hezkuntza- eta dibulgazio-baliabide biltzen ditu herritarrak ingurumen-arazo hori geldiarazteko jarduteak duen garrantziaz kontzientziatzeko.

Webgune berriak lau atal nagusi ditu. Lehenengoan, azalpen laburra ematen da klima-aldaketa zer den argitzen duen bideo batekin batera eta hori eragiten duten arrazoiei buruzko informazioa ematen da, informazio hori infografia interaktibo batekin aurkeztuz.

Bigarren blokeak klima-aldaketak gure lurraldean duen eragina du ardatz eta, besteak beste, egoeraren diagnostikoa eta mapa interaktibo batzuk biltzen ditu. Mapa horietan azken hamarkadetako bilakaera ikus daiteke, baita etorkizunerako aurreikusitako egoerak ere, hainbat aldagairen arabera, hala nola tenperatura edo prezipitazioak.

Atari honen hirugarren blokeak gure lurraldean klimaren alde egiten ari diren ekintzak ditu ardatz. Eta hori erakundeek, herritarrek eta enpresek egiten dituztenak azalduz eta zehaztuz egiten du. Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak garatzen dituen ekintzak jasotzen ditu, besteak beste Bizkaiko Lurralde Historikoaren Iraunkortasunerako Kontseilua, Bizkaiko Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea, Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat datorren Bizkaia Egiten estrategia, Urban Klima 2050 proiektua (Euskadiko klimaren aldeko ekimen publiko-pribaturik garrantzitsuena eta ausartena, 40 proiektu dituzten 20 erakundek parte hartzen dutena); gure lurraldeko azpiegitura berde-urdina edo mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua. Udalen kasuan mapa interaktibo bat aurkezten da, udalerri bakoitzeko ekintza zehatzei buruzko informazioa jasotzeko. Eta enpresen eta herritarren esparruari dagokionez, beste alderdi batzuen artean ingurumen-fiskalitatea edo Berdeago azoka eta Naturazale, Zero zabor uretan eta Sare berdeak programak, hurrenez hurren, aipatzen dira.

Atari berri honetako azken blokea ingurumen-hezkuntzari buruzkoa da, eta beste hiru ataletan banatzen da:

  • Eskola eta klima, Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan naturari eta biosferari buruz egiten diren biotailerrei buruzko informazioa ematen duena, eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzendutako Bizkaiko Jasangarritasunaren aldeko Gazteen Foroari buruzko informazioa eskaintzen duena.
  • Hezkuntza-baliabideak. Horietan, ingurumen-hezkuntzako hainbat elementu jartzen dira herritarren eskura, askotariko formatu eta aurkezpenetan. Baliabide horien barruan infografia interaktiboak, ikasteko unitateak, ipuinak eta jardunbide egokien dekalogoak sartzen dira.
  • Atari honek klima-aldaketarekin lotutako ekitaldien agenda bat ere jasotzen du, bai eta ingurumenari buruzko erabakiak eta araudia eta gai horri buruzko ezagutzan sakontzeko erreferentzia interesgarriak ere.