Zabalik Nekazari eta Artisau Emakumeen Azokan parte hartzeko izena emateko epea
Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta joan den urtean bertan behera utzi behar izan eta gero, aurten itzuli egingo da Amorebieta-Etxanoko Nekazari eta Artisau Emakumeen Azoka. Ekitaldia martxoaren 5ean ospatuko da, baina dagoeneko ireki egin dute azokan parte hartzeko izena emateko epea.
Azokaren helburua da emakumeek arlo hauetan egin duten lana ikusaraztea, historikoki sektore honetako bizkarrezurra eta eskulana izan baitira; hauen funtzioa ezinbestekoa izan da familien ekonomiarentzat, eta euskal gizarte, kultura eta tradizioarentzat. Gainera, ia mende laurdena betetzear den azoka hau data finkoa da egutegian, sektoreko emakumeen urteroko topagunea bihurtu baita. Aurten ere, artisau eta nekazaritza produktu ugari izango dira ikusgai, hala nola ogia, gozogintza, marmeladak, frutak eta barazkiak, fruta-gozokiak, arropa eta osagarriak…
20 POSTU ETA TXOSNA
Azoka Zelaieta parkean egongo da, eta emakumeen 20 postu eta txosna batek osatuko dute. Goizez eta arratsaldez egongo da zabalik: 10:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Bestalde, eta Covid 19ak eragindako egoera dela eta, edukiera mugatua izango da eta uneoro mantenduko dira osasun-agintariek ezarritako arauak.
Izena emateko epea otsailaren 4tik 16ra bitartean egongo da zabalik; baldintza da, azokan izango diren produktu guztiak emakumeek ekoitziak izatea, eta hauen enpresek Euskal Herrian izatea egoitza. Izena emateko bi bide zehaztu ditu Berdintasun Arloak: online, Udalaren webgunean dagoen inprimakia beteta ( eskaera orria ), 688809818 edo 946300769 zenbakietara deituta. Edozein zalantza argitzeko: berdintasuna@amorebieta.eus.
Udalak deialdiaren ebazpena zuzenean jakinaraziko dio onuradunari, hark emandako helbidean, 2022ko otsailaren 18tik aurrera. Hautatutako pertsonak onarpena berretsi beharko du jakinarazpena jaso eta 4 eguneko epean.