Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoak herriko haurrentzako goi mailako bi ikuskizun jasoko ditu otsailean. Alde batetik, Pirritx, Porrotx eta Marimotots hirukotearen 'KuiKui' ikuskizuna, eta bestetik, nagusiagoak diren haurrentzako bideratutako 'Go!azen 8.0'.

Koronabirusaren pandemia dela eta ezarritako segurtasun neurriei jarraituz, Zornotza Aretoaren edukiera % 60koa izango da eta, beraz, Udalak zozkatuko ditu sarrerak aldez aurretik.

Euskarari arnas bideak bilatuz, Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Otsailaren 25ean izango da Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin gozatzeko aukera. Bi saio antolatu ditu Udalak, 17:15 eta 19:15 ordutegian, Zornotza Aretoan. KuiKui izena du pailazo ospetsuen azken emanaldiak, eta bertan euskararen gaiari eutsi nahi izan diote, Aitorren eta Mariren hizkuntza zaharrari arnas bideak bilatzeko helburuarekin.

Egun, Zornotza Aretoko aforoa % 60koa denez, sarrerak eskuratu ahal izateko aldez aurretik izena eman beharko da.

  • Zozketarako izen-ematea: urtarrilaren 31tik otsailaren 4ra
  • Zozketa: otsailaren 7an
  • Sarrerak ordaintzeko epea: otsailaren 9tik 16ra

Go!azen 8.0ren azken lana

Go!azen telesail ospetsuaren denboraldi berriko istorio eta abestiez ere gozatu ahal izango da Zornotza Aretoan. Basakabi udalekuko lagun taldeak bi emanaldi eskainiko ditu otsailaren 26an: 12:00etan eta 17:30etan. Bost eta hamalau urte bitarteko gazteei zuzendutako emanaldi bakoitzak 60 minutuko iraupena izango du.

Kasu honetan ere, egungo Zornotza Aretoko aforoa %60koa denez, sarrera eskuratu nahi duten gaztetxoek izena eman beharko dute zozketan:

  • Zozketarako izen-ematea: otsailaren 2tik 9ra
  • Zozketa: otsailaren 14an
  • Sarrerak ordaintzeko epea: otsailaren 16tik 23ra

Sarrerak: non eta nola

Bi saioetarako sarrerak eskuratu ahal izateko ezinbesteko baldintza da Ametx txartela izatea. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldirako 2-10 urte bitartekoa, eta 5-14 urte bitartekoa Go!azen 8.0 ikuskizunerako. Txartel bakoitzeko, gehienez, bi sarrera eskuratu ahal izango dira (umea eta nagusia). Taldeka joan nahi izanez gero, gehienez 6koa izan daiteke, eta eskaera egiterakoan hiru Ametx txartelak jakinarazi beharko dira.

Zozketarako izen ematea bi modutara egin daiteke: aurrez aurre, Zelaieta Zentroan edo 94 630 06 50 telefonoan, astelehenetik ostiralera, 8:30-21:30 ordutegian deituta. Saio bakoitzeko 204 sarrera zozketatuko dira; beraz, egun bakoitzeko, 408 sarrera izango dira aukeran.

Bestalde, Udalak jakinarazi du ordaindu gabeko sarrerarik geratuko balitz, zozketan zehaztutako itxaron zerrenda izango litzatekeela kontuan. Era berean, emanaldien egunean afora egungoa baino handiagoa bada, Udalak zozketan zehaztuko itxaron zerrenda jarraituz banatuko ditu sarrerak.