Galdakaoko Udalak Usansoloko segregazioari buruzko galdeketa egitea erabaki egin du udalbatzaren urtarrileko osoko bilkuran. Honakoak dira udalbatzak bilera horretan hartu dituen erabakiak:

  • Galdakaoren eta Usansoloren egoera aztertu, eta segregazioaren ondoren herri horietako bakoitzak izango lituzkeen azpiegitura, zerbitzu eta baldintzak batzen dituen Memoria onartu du udalbatzak. Galdakaoko, Usansoloko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek osatu zuten Batzorde Mistoaren aginduz egin zen txosten hori, eta Batzorde Mistoaren oniritzia jaso zuen. Ondoren, baita Bizkaiko Foru Aldundiarena ere. Galdakaoko udalbatzak gaur eman dio baiezkoa, udal gobernua osatzen duten EH Bildu (6 ordezkari), Auzoak (3 ordezkari), Usansolo Herria (2 zinegotzi) eta Podemoseko (1) ordezkarien aldeko 12 botoekin, EAJko 6 ordezkarien abstentzioarekin eta PSE-EEren zein atxiki gabeko zinegotziaren kontrako 3 botoekin.
  • Usansolo Galdakaoko udalerritik segregatzeari buruzko kontsulta egitea onartu du udalbatzak, gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemoseko ordezkarien aldeko 12 botoekin, EAJko 6 ordezkarien abstentzioarekin eta PSE-EEren zein atxiki gabeko zinegotziaren kontrako 3 botoekin.
  • 60 zuzkidura bizitoki eraikitzeko proiektua idazteko eta obrak gauzatzeko kontratazio espedientea onartu du, aho batez.
  • Udal langileentzako kontziliazio plana ontzat eman du. Langile Batzordearekin negoziatu den eta hark babestu duen planak malgutasuna du oinarri eta aurrerapausoa da lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko bidean. Aho batez onartu da.
  • Hiri Lurren Balio Gehikuntzaren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala aldatu egin da, eta kalkulu modu berrira egokitzea onartu da, aho batez.