Enplegu Planaren aplikazioan beste pauso bat eman du Aldundiak

26.10.2021 | 17:56
González Rómulo, Laespada eta Gurpegi, topaketan.

Astelehen honetan, urriak 25, 2020-23 Enpleguaren Foru Planaren aplikazioan aurrera egiteko aurrerapauso garrantzitsu bat eman du Bizkaiko Foru Aldundiak. Topaketa horretan, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariez gain, lurraldeko alkateak eta Lanbideko eta enplegu-arloetako arduradunak hartu dute parte.

Jardunaldian, halaber, Bizkaiko Enpleguko Lurralde Batzordea eratu da eta, aldi berean, plan horren gobernantza aurkeztu da, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak koordinatzen eta bultzatzen duena.

Sail honetako diputatuak, Teresa Laespadak, jardunaldi honetako ongietorri-hitzaldian azpimarratu duenez, toki-erakundeek, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak, euren ADNaren barruan, "enplegu duinaren alde lan egitea dute".

"Beharrezkoa da krisi sanitario, sozial eta ekonomiko honi aurre egiteko eraikitako ezkutu soziala balioan jartzea. Eta ezkutu horren eraikuntzan politikak eta elkarrizketa sozialak duten zeregina aldarrikatzea. Toki-erakundeek ere lagundu duzue hori altxatzen. Herritarrek erronkei erantzuteko eskatzen digute. Ezkutu sozialak funtzionatu du, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientek eragin duten soldaten aldi baterako sozializazioak milaka lanpostu salbatu ditu. Orain anbizio maila igo behar dugu: gorago apuntatu behar dugu. Politika horretarako dago", erantsi du.

Diputatuak azpimarratu duenez, gauza bera eginez gero ezin da emaitza ezberdinik espero; beraz, bere Saila "enplegu-programen belaunaldi berria abian jartzen ari da", planak aurreikusten dituen sei erronkak, 16 helburuak eta 58 ekimenak kontuan hartuta.

"Plan hau Bizkaiko enplegu-ekosistemako eragile guztiekin partekatu nahi dugu, eta zuen parte-hartzera ireki nahi dugu. Gardentasunez. Kontuak emanda. Elkarrizketa eta lankidetzarekin", gaineratu du.

ENPLEGAGARRITASUNA

Jardunaldian, Bizkaiko Enpleguko zuzendaria den Susana González Romulok Planaren gobernantza-eredua aurkeztu aurretik, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze sailburuordeak, Alfonso Gurpegik, parte hartu du "Enplegagarritasunean eta elkarlaneko gobernantzan" gaia ardatz hartuta. Azkenik, gobernantza-eredu honi buruzko hainbat kontraste-dinamika parte-hartzaile garatu dira.

noticias de deia