Bizkaiko Foru Aldundiak bizikletak konpontzeko eta mantentzeko 10 BiziPuntu berri inauguratu egin ditu Durangaldean. Zornotza, Iurreta, Durango, Abadiño, Berriz, Ermua, Izurtza eta Elorrio izan dira gune hauek kokatzeko aukeratutako udalerriak. Neurri honekin, Aldundiak bizikletaren erabilera sustatu nahi du biztanleriaren artean.

Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak urtea amaitu baino lehen Lurralde osoan instalatu nahi dituen 63 Bizipuntuetako batzuk dira. "Funtsezko baliabidea da Bizkaian bultzatu nahi dugun mugikortasun iraunkorreko eredua sustatzeko; eredu horren barruan ardatzetako bat bizikleta ohiko garraiobide gisa erabiltzea da, bera bakarrik edo beste garraio mota batzuekin konbinatuta", gogorarazi du Miguel Ángel Gómez Viarrek, Saileko titularrak.

Gune horien kokapena honako hau da:

  • 1 Amorebieta-Etxanon. Nafarroa kalean, Bolatokiaren ondoan.
  • 1 Iurretan. N-634 errepidean, Iurretako Liburutegiaren ondoan.
  • 2 Durangon. Landako kiroldegiaren ondoko biribilgunean eta Alluitz kaleko 15. zenbakiaren aurrean.
  • 1 Abadiñon. San Trokaz kalean, eskolen ondoan.
  • 1 Berrizen. Larreta Markina kalean, Berrizburuko futbol zelaiaren ondoan.
  • 2 Ermuan. Mallabia errepidean, BMren (San Pelaio) ondoan; eta Eitzaga errepidean, aparkalekuaren ondoan (San Lorentzo).
  • 1 Izurtzan. Elizalde kalean, frontoiaren atzeko aparkalekuan.
  • 1 Elorrion. Nizeto Urkizu kalean, kiroldegiaren atzean.

Durangaldeko Bizipuntu berriek Bizkaiko beste leku batzuetan daudenen ezaugarri berberak dituzte.

20 x 20 cm-ko altzairu herdoilgaitzezko zutabea dira, 1,40 m-ko altuera duena. 8 erreminta, bihurkinak, giltza ingelesa, giltza finkoak, allen-giltzak eta pneumatikoen estalkiak desmuntatzeko eta muntatzeko tresnak dituzte, banan-banan zutabeari lotuta altzairuzko kable erretraktil batekin. Gainera, pneumatikoak puzteko sistema bat dute, biradera birakariaren bidez eragiten dena eta manometro batekin osatzen dena; halaber, besoak dituzte bizikleta finkatzeko eta makinaren gaineko eragiketa ohikoenak errazteko.

QR kode batek BiziPuntuak ahalbidetzen dituen mantentze- eta konponketa-lanetarako tutorialak kontsultatzeko aukera ematen die erabiltzaileei. Bizkaiko Foru Aldundiak bere webgunean argitaratutako informazio guztia eskuragarri dago, halaber, zutabean errotulatutako beste QR kode batean.

Zutabearen inguruan lan-eremua pintura urdinez seinaleztatuta dago eta seinale bertikal angeluzuzen batek instalazioak eskaintzen dituen zerbitzuak adierazten ditu.

Gune hauek instalatzeko eta mantentzeko egindako inbertsioa Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailaren kontura izan da.

Foru diputatuaz gain, aurkezpen ekitaldian izan dira Berrizkoa alkaltea, Orlan Isoird; Ermukoa, Juan Carlos Abascal; eta Izurtzako alkateorde Oihane Irastorza.