"Izan zaitez harrera-familia eta bizitza-historia berria eraiki” da Bizkaiko Foru Aldundiko kanpaina berria. Jakinarazi dutenez, pertsonak edo familiak bilatzen ari dira hainbat arrazoirengatik familia biologikoarekin bizi ezin diren umeak hartzeko. Haur horiek harrera-familietan aurki dezakete beren arazoetan inplikatzea edo garatzeko, hazteko eta heltzeko laguntza.

Gaur egun Bizkaian 309 adingabe bizi dira abegi-familia batekin: 198 familia zabalean (aitona-amonekin eta osaba-izebekin, batez ere) eta gainerakoak (111) beste familia batekin. "Familia horiek adingabeak artatu, zaindu, elikatu eta hezten dituzte, eta behar den denboran arreta integrala ematen diete, berezko familiako kide bat gehiago izango balira bezala, nahiz eta jakin berez ez direla", esan du Gizarte Ekintzako diputatuak.

Zehazki, Sergio Murillok adierazi du Bizkaiak lau modalitatetan (urgentziazkoa, aldi baterakoa, iraunkorra eta espezializatua) adin guztietako adingabeentzat abegi-pertsonak edo -familiak behar dituela. "3 urtetik beherako haurtxoak, baita 3 eta 13 urte bitarteko adingabeak ere hartzeko prest dauden familiak. Lehenengo kasuan, haien bizi-garapenerako berebiziko unean abegi-zentroan sartzea saihestuko da. Halaber, hartu ahal izango dira anai-arrebak eta behar bereziak dituzten umeak". Azkeneko kasuetarako, Gizarte Ekintzako diputatuak gogorarazi du, arduraldi bereziaz gain, abegi-familiako kideren batek berezko prestakuntza eta lanbide-esperientzia izan behar dituela hezkuntza, osasun edo gizarte zerbitzuen arloan.

Harrera-familien sarean parte hartu nahi duten interesdunek balorazio eta prestaketa prozesu bat gauzatu behar dute. Eta urteko 365 egunetan 24 orduz lan egiten duen Gizarte Ekintza Sailaren diziplina anitzeko talde baten laguntza integrala izango dute une oro. 2021ean, 30 familia berrik abiarazi zuten familia-harrerako prozesua Bizkaian, eta 20 familia-harrera berri formalizatu ziren.

Babes-neurria, aukera bat

Familia-harrerak haur bati eskaintzen dio, behar den denboran, afektua, ardura eta laguntza ematen dizkion ingurune batean hazteko aukera, adingabeari abegi-familia batean garatzen eta integratzen laguntzeko asmoz, familia horretako kide bat izango balitz bezala. Halaber, guraso biologikoekiko harremanari eutsi, eta hori hobetuko dute, eta itzultzeko prozesuari lagunduko zaio, hori posiblea denean.

Harrerak familia egonkorra, atsegina, normalizatua eta egokia ematen die adingabeei, hezkuntza jarraibide argiak dituena. Halaber, adingabeei lotura berriak ezartzen, maila fisikoan zein emozionalean hobetzen, familia-eredu egoki bat ezagutzen eta beren nortasunari eta gurasoekiko harremanari eusten laguntzen die.